Zabalik dago Udal Euskaltegian izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 9a, 09:00
Udal Euskaltegiko zuzendari Alitxu LarraƱaga eta Euskara zinegotzi Irune Urbieta. (Aritz Mutiozabal)

Matrikulatu nahi duenak irailaren 24a bitarte du horretarako aukera.

Zarauzko Udal Euskaltegiak 36. ikasturtea abiatuko du aurten, eta hori aurkezteko agerraldia egin zuten atzo eguerdian euskaltegiko zuzendari Alitxu Larrañagak eta Euskara zinegotzi Irune Urbietak. Urtero bezala, eskaintza zabala osatu dute ikasleek euskaraz ikasi ahal dezaten, alde batetik, eta mailaren araberako titulazioak lor dezaten, bestalde. Udalak, ohiko moduan, beka sistema berezia eskainiko die ikasleei ikastaroak ordaintzeko garaian; langabetuei doan atera dakieke betiere asistentziaren arabera, eta dirulaguntzak ere emango dituzte.

Aurrez aurreko klaseak ematen dituzte, baina baita etxetik ikasketak online egiteko aukera ere. Bi orduko eskolak ematen dituzte egunean euskaltegian bertan; oinarrizko mailetakoak astean lau egunetan, astelehenetik ostegunera, eta beste mailetakoak astean hiru egunetan, astelehen, astearte eta ostegunetan. Goiz, arratsalde eta iluntzetan ematen dituzte eskolak, eta maila bereko ikasleen arabera sortzen dituzte taldeak. Autoikasketari dagokionez, euskaltegi birtual bat sortu dute, eta hortik jasotzen dute materiala; astean behin ordubeteko tutoretza izaten dute oinarrizko ikasleek, eta maila altuagokoek, berriz, bi astetik behin. Horretaz gain, ikasleek ordubete edo ordu t' erdiko mintzasaioak izaten dituzte astean behin taldean.

Izena emateko epea irailaren 2an ireki zuten, eta hilaren 24an bukatuko da. Euskara ikasteko edo tituluren bat ateratzeko interesa dutenek Udal Euskaltegiak Iturribidea kaleko 28 zenbakian duen egoitzara jo dezake, 943-13 11 53 nahiz 943-83 50 84 telefono zenbakietara deitu edo euskaltegia@zarautz.eus posta elektronikora idatzi.