Lapurdi kaleko bidegorria itxi egingo dute tren geltokietako obrengatik

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 12a, 09:30
Lapurdi kalea. (Zarauzko Udala)

Bizikleten erabiltzaileek galtzadatik joan beharko dute Iñurritzara astelehenetik aurrera, eta erdigunera joateko espaloia erabili.

Astelehenean hasiko dira Zarauzko tren geltoki berriko eta San Pelaio geralekuko berrikuntza lanekin, eta obrak irauten duten bitartean, Lapurdi kaleko bidegorria itxi egingo dute bere osotasunean; erdigunetik Maria Etxetxiki kalera arte, alegia. Hori horrela, erdigunetik Inurritza auzorantz doazen bizikleta erabiltzaileei galtzada erabiltzea gomendatzen zaie.

Aldiz, Inurritza auzotik erdigunerako norabidean datozen oinezko edota bizikleten erabiltzaileei Lapurdi kaleko espaloi zabalena (hegoaldekoa, trenbide aldekoa) erabiltzea aholkatu du udalak. Herriko beste hainbat espaloi bezala, oinezkoentzat eta bizikletentzako gune partekatu izendatu dute, "betiere oinezkoen segurtasuna arriskuan jarri gabe".