Hiru positibo baieztatu dituzte Zarautzen

Guztira, hemeretzi kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak eskualdean, eta intzidentzia tasak nabarmen egin du gora. Zarautzen puntu batzuk igo da, eta 107,08koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu dituen datuen arabera, Urola Kosta eskualdean hemeretzi kasu positibo baieztatu dituzte, guztira. Aian zenbatu dituzte erdiak; izan ere, azken orduetan bederatzi herritarrek eman dute positibo gaixotasuna detektatzeko probaren batean. Hori horrela, hango intzidentzia tasa 705,97raino igo da.

Azkoitian, Azpeitian eta Zarautzen, ostera, hiruna kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak. Azkoitiko intzidentzia tasa 216,97koa da, Azpeitikoa 210,25ekoa eta Zarauzkoa 107,08koa. Zumaian, berriz, positibo bat baieztatu dute, eta hango intzidentzia tasa 183,17koa da gaur. Eskualdeko gainerako herrietan, aldiz, ez dute positiborik baieztatu. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen hutsean dute kasu metatuen tasa. Getaria, ostera, eremu berdean dago 35,34ko tasarekin eta Orio zein Zestoa horian, 97,85 eta 154,08ko intzidentzia tasekin, hurrenez hurren.

Positibotasun tasa, behean

Hego Euskal Herrian COVID-19ak eragindako pandemia asko ari da apaltzen azken asteetan. Horren adibide dira atzo, astelehena, baieztatutako kasu positiboak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.289 test egin zituzten, eta 218 lagunek eman zuten positibo –Araban 21, Bizkaian 100, Gipuzkoan 89 eta lurralde horietatik kanpoko herritarren artean zortzi–; positibotasun tasa, beraz, %3,5ekoa izan zen atzo. Nafarroan, ostera, proba egin zuten 1.558 lagunetatik 27k besterik ez zuten eman positibo, hau da, proba egin zutenen %1,7k.

Atzoko datuen arabera, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan COVID-19ak jotako 31 lagun ospitaleratu zituzten, eta egun 166 lagun daude ospitaleratuta; 54 dira ZIUn dauden gaixoak. Nafarroan, berriz, bi lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur-gaurkoz 62 dira erietxean dauden herritarrak; ZIUn larri daudenak, berriz, hamazazpi dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia tasak beste bost puntu egin du behera, eta 166,39an kokatu da.