Joseba Arregi politikari ohia hil da

Zarauzko Hitza 2021ko ira. 14a, 14:20

Jaurlaritzako bozeramaile ohia hainbat urtez bizi izan zen Zarautzen.

Joseba Arregi (Andoain, 1946) politikari ohi eta idazlea hil da, 75 urte zituela. EAJn egin zuen ia bere ibilbide politiko osoa. Gipuzkoa Buru Batzarreko buru eta Euskadi Buru Batzarreko kide izan zen legebiltzarkide izendatu aurretik. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen bi alditan –1984-85ean eta 1987-1995 artean–, baita bozeramailea ere bigarren epealdian Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin. 2001era arte EAJren legebiltzarkidea izan zen, baina desadostasunak zirela medio alderdia utzi zuen. Ibilbide politikoaren ondoren, soziologia irakaslea izan zen EHUn 2011ra arte.

Arregi hainbat urtez bizi izan zen Zarautzen. Horrez gain, 2017an Mario Onaindia Saria eman zioten Zazpi kultur aretoan.