Duela bi urte baino bisitari gehiago jaso ditu Arte eta Historia museoak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 19a, 09:00

Udalak jakinarazi du museoaren erabiltzaileen asebetetze maila "altua" dela, eta "askorentzako ezinbesteko jomuga" bihurtu dela Zarautz ezagutzeko.

Udalak jakitera eman duenez, gora egin du nabarmen amaitu berri den udaldian Zarauzko Arte eta Historia museoan egin diren bisita gidatu kopuruak. Udalaren arabera, museoak "Zarauzko eskaintza turistikoan paper garrantzitsua betetzen jarraitzen du, tinko". Gaineratu du museoaren erabiltzaileen asebetetze maila "altua" dela, eta "askorentzako ezinbesteko jomuga" bilakatu dela "gure herriko historia eta gizartea ezagutzeko".

Uztaileko eta abuztuko erabiltzaileen datuak batuta, aurten duela bi urtekoen oso antzeko bisitari kopurua jaso du Arte eta Historia museoak: guztira, 602 bisitari izan ditu uda honetan. Zerbitzuei dagokienean, %20 igo dira monumentu multzora egindako bisitak, eta Alde Zaharrera eginikoen kopuruak ere duela bi urte baino gehiago izan dira. 

Horrez gain, udalak gogorarazi du urte amaierara bitartean museoa zabalik egongo dela ostiral eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Igande eta jaiegunetan, berriz, 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik. Pertsonako bi euro balio du museora sarrerak (monumentu multzoaren bisita barne), eta Alde Zaharreko bisitak 2,5 euroko balio du.