Mikel Unzalu zena omenduko du bihar Mario Onaindia Fundazioak

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 17a, 19:00
Mikel Unzalu. (PSE-EE)

Ekitaldia Modelo aretoan izango da, eta politikari sozialistaren gertuko hainbat kidek hartuko dute parte bertan.

Joan zen uztailaren erdian zendu zen PSE-EEko kide Mikel Unzalu omenduko du Mario Onaindia Fundazioak, bihar eguerdiko 12:00etan Modelo aretoan egingo duen ekitaldian.

Bertan hartuko dute parte, besteak beste, fundazioako presidente Alberto Agirrezabalek, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, Ernesto Unzalu anaiak eta Mario Onaindiaren alargun Isosi Leturiondok. Era berean, Felipe Juaristik eta Juan Ramon Unamunok musikaz girotuko dute saioa.

2009tik 2016ra arteko bi legealdietan legebiltzarkide sozialista izan zen Unzalu, eta 2012ko legealdian mahaiko idazkari lehen izendatu zuten. Hurrengo legealdian, Maria Jesus San Jose sailburu zelarik, Justizia arloko sailburuorde izan zen.