Irailaren 27an, astelehenez, 46 urte beteko dira frankistek ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztenetik. Aurten ere, oroimen ekitaldiak antolatu dituzte urteurrenaren harira.
Batetik, asteburu honetan, hilketa horien gaineko erakusketa izango da ikusgai Azpeitian: gaur, larunbata, Sanjuandegin egongo da, eta bihar, igandea, Urrestillan. Hurrengo aste osoan zehar, berriz, Sanagustin kulturgunean izango da erakusketa.
Ekitaldi gehienak, baina, datorren asteburuan izango dira. Igandean, hilaren 26an, Azpeititik Nuarbera mendi martxa egingo dute, 09:00etan plazatik abiatuta. Ekitaldia izango da 13:00etan Nuarbeko frontoian, eta ondoren bazkaria egingo dute bertan. Bazkaritarako txartelak Orkatzen daude salgai.
Gudari Egunean, aldiz, lore eskaintza bana izango da Zarautzen nahiz Nuarben. Zarauzko hilerrian 12:00etan egingo dute ohiko ekitaldia, eta Nuarbekoan, berriz, 19:00etan.