Mikel Unzalu zenaren oroimena izan dute presente Modelon

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 18a, 15:30

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PSE-EEko ordezkariek nahiz familiako kideek bat egin dute gaur eguerdian Zarautzen, Mario Onaindia Fundazioak antolatutako Mikel Unzalu zenaren omenaldian. Ekitaldia Modelo aretoan egin dute, eta uztailaren erdian zendu zen politikari sozialistaren ibilbideaz gain, haren pertsona ekarri dute gogora.

Ekitaldiaren hasieran Mario Onaindia Fundazioako presidente Alberto Agirrezabalek hartu du hitza, anfitrioi moduan, eta, jarraian, Jaurlaritzako lehendakariorde eta  PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiari pasatu dio lekukoa. Ondoren, haren ondoan lan egin eta alderdian gertutik ezagutu zuten Maria Jesus San Jose,  Rosa Hernandez eta Jon Azkue igo dira oholtza gainera, hurrenez hurren; Azkuek, gainera, bertso bat eskaini dio.

Ondoren, gertukoen testigantza hunkigarriak etorri dira: lehenik eta behin, Kike Rico lagunarena, eta ondotik, Ernesto Unzalu anaiarena. Hitzartzeekin bukatzeko, Mario Onaindiaren alargun Isosi Leturiondoren eskutik oroigarria jaso dute Unzaluren alargunak eta alabek. Era berean, Felipe Juaristik eta Juan Ramon Unamunok musikaz girotuko dute saioa.

Gaurko omenaldian izan dira, besteak beste, Zarauzko PSE-EE udal taldeko ordezkari Gloria Vazquez eta Patxi Elola, PSEE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Andueza, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio eta Gorka Landaburu kazetariak.