2022ko aurrekontuei lotutako proposamenak jasoko ditu udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 20a, 18:00
Herriko hainbat gunetan jarri dituzte postontzi bereziak.

Urriaren 3a izango da ekarpenak egiteko azkeneko eguna; horretarako, postontzi bereziak, posta elektronikoa edo udalaren web-orria erabil daitezke. Aurten ez da aurrez aurreko bilerarik izango.

Zarauzko Udalak hurrengo udal aurrekontuei lotutako proposamenak jasoko ditu aurten ere. Parte hartze prozesu bat jarri du martxan horretarako, eta gaurtik urriaren 3ra bitartean bilduko ditu ekarpenak. Udalak postontzi bereziak jarri ditu herriko hainbat gunetan, eta herritarrek horien bidez helaraz ditzakete beren proposamenak. Vista Alegre auzo elkartean, udaletxearen eraikin zaharrean eta berrian (Etxezabalan), Sanz Enean, udal euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean daude postontzi horiek, hain justu.

Bestela, partehartu@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita edo udalaren web-orriko (zarautz.eus) Parte hartu atala erabilita ere egin daitezke 2022ko aurrekontuei buruzko ekarpenak.

Jesus Arana Partaidetza zinegotziaren esanetan, "garrantzia handia" dute udal aurrekontuek, "Zarautzen datorren urtean emango diren pausoak markatuko baitituzte" bide-orri horren bidez.

Aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesuen barruan, aurreko urteetan aurrez aurreko saioak egin ditu udalak zenbait auzotan. Iaz, dena den, bilera horiek bertan behera uztea erabaki zuen, pandemia zela-eta. Oraingoan ere erabaki berdina hartu du udalak, eta ez da proposamenak jasotzeko aurrez aurreko batzarrik izango.