Gorka Aranberri: "Denboraldia motza egin zaigu; orain gaude sasoirik onenean"

Gorka Aranberri Santurtziko patroia. (Aitor Arrizabalaga)
Arrakastaz beteriko denboraldia izan da Santurtziko traineruarentzat. Gorka Aranberrik uste du «urte osoan» maila «aparta»eman dutela, nahiz eta denboraldi amaierara sasoiko ailegatzea zen helburua. Hona hemen Iñaki Berastegik Berria egunkarirako egin dion elkarrizketa.

Soterako patroi gisa egin duen lehendabiziko denboraldia «zoragarria» izan da Gorka Aranberrirentzat (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). Bizkaiko taldearekin bere hirugarren TKE liga eta Kontxako seigarren bandera irabazi baditu ere, urte osoan egindako lanak eta bideak «bete» du gehien gipuzkoarra. Datorren denboraldian zer egingo duen erabaki gabe dauka. Atseden hartu nahi du orain

Nola definituko zenuke amaitu berri den denboraldia?

Santurtzirentzat eta guretzat denboraldi historikoa izan da, Liga, Kontxa eta makina bat bandera irabazita. Gutxi gehiago eska dakioke denboraldi bati. Negu-negutik txapelketa guztiak irabazita, eta lehen asteburuan lehen bandera eta ligako lidergoa lortuta, denboraldi zoragarria izan da.

Orio utzi eta Santurtzira joatea erabaki zenuen iaz. Asmatu zenuela esan daiteke?

Inork ez dizu baieztatzen aldaketa baten ostean horrelako denboraldi bat egingo duzunik. Arriskatu egin nuen, familiaren babesarekin, eta arrakasta izan dut. Denboraldi arraro baten ostean, Orion apur bat saturatuta amaitu nuen, eta gorputzak aldaketa bat eskatzen zidan. Iker Zabala Bermeoko taldetik dudan laguna da, eta denboraldi amaiera bakoitzean hitz egiten nuen, brometan edo serioago, Santurtzira joateko aukeraz.

Bigarren urtez jarraian irabazi du Santurtzik Eusko Label liga. Irabaztea ez ezik, nola irabazi ere garrantzitsua da, ezta?

Denboraldia luzea da, gorabeherak egoten dira, eta ezin zara uda osoan sasoi onenean egon. Maila aparta eman dugu, estropada guztiak irabazteko aukerekin uretaratu gara, baina helburu nagusia denboraldi amaierara sasoiko iristean zen, eta lortu dugu.

Oso talde erregularra izan zarete. Hori izan da liga irabazteko gakoa?

Erregulartasunak ematen dizu lanean segitzeko konfiantza. Iazkoaren antzera, erregularrak izaten hasi genuen denboraldia, baina irabazleak ere izan gara. Egun txarrei berehala buelta emateko gai izan gara, eta irabazteko beharra zegoenean garaipenak lortu ditugu.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.