Alberto Palomeraren 'Ukiyotao Metodoa' erakusketa irekiko dute ostegunean

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 21a, 16:50
Alberto Palomerak Photomuseumen jarritako lanetako bat.

Patafisika Kuantikoari buruzko proposamen artistiko dela dio egileak. Sanz Eneako erakusketa aretoan egongo da ikusgai irailaren 23tik azaroaren 7ra arte.

Duela hiru urte bere lanak Photomuseumen erakutsi ondoren, Alberto Palomera artista barakaldarra Zarautzera itzuliko da Ukiyotao Metodoa izeneko erakusketarekin. Patafisika Kuantikoari buruzko dela nabarmendu du egileak, eta materiari buruzko eleberri labur bat ere aurkeztuko du proposamen artistikoaren osagarri gisa, Sanz Enea erakusketa aretoan.

Patafisika sormen-bitarteko gisa ulertzen du Palomerak, eta haren bidez egiten dituen lanetan ezer ez da dirudiena. Eta, aldi berean, denak du hutsaltasun erabilgarriko zentzua. Patafisika alegiazko soluzioen eta salbuespenek araututako legeen zientzia omen da, eta sortzaileak kontzeptu hori erabiltzen du bere lanean..

Bere aurreko proiektuetan bezala, Palomerak pertsonaia baten bidez aurkezten du bere lana, artistaren beraren transmutazio gisa. Kasu honetan, Ukiyotaok egin ditu Sanz Enean erakusgai jarriko diren obrak, eta ekialdeko iturrietatik eta Tao eta Zen filosofiatik edaten duen pertsonaia da. Erakusketa formatu handiko margolanez eta instalazioez osatuta egongo dago, eta horien artean eskulturak.

Erakusketa etzi inauguratuko dute eta azaroaren 7ra arte bisitatu ahalko da, egunero, 18:00etatik 20:00etara.