Aitor Korta koordinatzaile duela abiatuko du ikasturtea EH Bilduk

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 22a, 09:30
Aitor Korta Zarauzko EH Bilduren koordinatzailea. (EH Bildu)

(I)Biltzen prozesuan jorratutako lanari jarraipena eman nahi diote aurrerantzean. Orain, Tokiko Mahai Politikoaren osaketa egingo dute, gainerako kideak aukeratuta.

Zarauzko EH Bilduk joan den ostegunean eman zion hasiera ikasturte politikoari.  EH Bilduren hamar urteko ibilia jasotzen duen hamar urte baino ez dokumentala eskaini zuten Modelo aretoan, eta emanaldia baliatu zuten ikasturtea aurkezteko. Saioaren bukaeran koalizioaren udal taldeko bozeramaile Itziar Muruak eta Zarauzko EH Bilduko koordinatzaile Aitor Kortak hartu zuten hitza, eta adierazi zuten ekainean (I)Biltzen prozesuarekin hasitako lanari jarraipena emango diotela aurrerantzean. Era berean, prozesuan ateratako ondorioak kontuan hartuta, hurrengo pausoak emateko «ilusioz» daudela nabarmendu zuten.

Alde batetik, "lantaldeen dinamika indartu" nahi du EH Bilduk; hau da, aurretik martxan dauden lantaldeak berriz hartu eta lantalde berriak aktibatu. Bestetik, ekainean osatutako  Tokiko Mahai Politikoarekin aurrera jarraituko du.  Izan ere, lehen urrats gisa, Zarauzko EH Bilduko koordinatzailea aukeratu zen aldi hartan, eta ordutik Aitor Korta da funtzio hori betetzen ari dena. Orain, taldeko gainontzeko kideen aukeraketa egingo dutela iragarri dute.

2021ean egindako kongresuan hartu ziren erabakien arabera,  taldea osatzerakoan estatutuetan jasotako puntu batzuk hartu beharko dituzte kontuan. Hori horrela, Tokiko Mahai Politikoaren osaeran ez da aurreikusten alderdien ordezkaritza funtzioa izango lukeen kiderik. Gutxienez, tokiko arduradun politikoak eta udal taldeko arduradunak osatuko dute mahaia, eta lehentasunez, tokiko antolakuntza arduraduna eta komunikazio arduraduna gehituko litzaizkieke, baita eratzen diren lantaldeetako arduradunak ere.
Horrez gain, EH Bilduren barne ordezkaritza karguetarako aukeratuak izateko eskubidea bilkideei aitortzen diete estatutuek.

"Guztion parte hartzea"

"Zarauzko EH Bilduren proiektua zabala, anitza eta indartsua izan dadin, guztion parte hartzea oso garrantzitsua da", azpimarratu du Aitor Korta koordinatzaile berriak. Horrekin batera, herritar oro animatu du prozesuaren parte izatera.

Parte hartzea "osoagoa" izan dadin bilkide egiteko deia egin die herritarrei. "Denontzat irekiak egoten jarraitzen dugu, eta bilkide egitea erabakitzen ez duenaren parte hartzea ere garrantzitsua eta guztiz ongietorria izango da", argitu du koordinatzaileak.