Ikasturte berriari helduko diote Txinpirin eta Zarautz-Txiki abesbatzek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 23a, 10:00

Aste honetan izango du ikasturteko aurreneko entsegua Txinpirinek, eta Zarautz-Txikiko kideak, berriz, datorren astean elkartuko dira. Izena emateko aukera egongo da lehenengo saio horietan.

Ikasturte berria hasiko dute datozen egunetan Txinpirin eta Zarautz-Txiki abesbatzek. Ohi bezala, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 5. mailara arteko gazteek hartuko dute parte Txinpirinen, eta ostiral honetan egingo dute lehenengo entsegua. Villa Mundako bigarren eraikuntzan bilduko dira, eta 18:00etatik 19:00etara ariko dira kantuan. Arduradunek azaldu dutenez, beharrezkoa bada, bi taldetan banatuko dira haurrak.

Lehen Hezkuntzako 6. mailatik batxilergora arteko ikasleek, ordea, Zarautz-Txiki abesbatzan kantatuko dute. Datorren astelehenean izango dute aurreneko entsegua, leku berdinean, baina 19:00etan hasita.

Arduradunek jakinarazi dute bi saio horietan eman ahal izango dutela izena kide berriek. "Egoeraren normalitate neurtu eta zainduan aurrera egitea" izango da ikasturte honetako helburuetako bat, haien esanetan.