Pankartaz beteta dago azken egunotan Aritzbatalde kiroldegiaren kanpoaldea. Murrizketarik ez! eta halako mezuak irakur daitezke horietan. Udalak azpikontratatuta daukan BPXport kirol enpresa arduratzen da kiroldegiko ikastaroak eta bestelako zerbitzuak kudeatzeaz, eta langileen ELA sindikatuko Idoia Altunak jakitera eman duenez, abuztu amaieraz geroztik hainbat langileren jardunaldiak murriztu dituzte. Une honetan negoziaketak geldirik badaude ere, langileen egoera ez da konpondu, eta horregatik dago pankartaz josita kiroldegiaren kanpoaldea.
Hogei langiletik gora ditu Aritzbatalde kiroldegiak, BPXportek kontratatuta. Horietako hainbaten lanaldiak asko jaitsi dira, kasu batzuetan, erdiraino; ELAko bozeramaileak jakitera eman duenez, zenbaiten lanaldia %30 ingururaino jaitsi da. Altunak azaldu du behargin horien lan egoera lehendik ere nahikoa "prekarioa" zela, ia inor ez dagoelako lanaldi osoarekin, eta gehienen kontratua finko-ez jarraitua delako. Alegia, udako hilabeteetan eten egiten zaie kontratua eta langabezia kobratzen dute. "Hori guztia kontuan hartuz gero, urte osoan ateratzen duten soldata nahikoa prekarioa da", azaldu du sindikatuko ordezkariak.
Udaberriaz geroztik ari da biltzen BPXportekin eta udalarekin sindikatua, hitzarmena berritzeko. Abuztuan, ordea, 2021eko soldaten izoztea jarri zuen mahai gainean enpresak. "Guk izozketarik ezin dugu onartu", azaldu du Altunak. Eskaintza horrek asko "haserretu" zituen langileak. Izan ere, pandemiaz geroztik "dena ematen" egon dira langile horiek, ELAko ordezkariaren arabera. Horren adibide dira konfinamendu garaian egunero plazaratzen zituzten bideoak, herritarrek etxean ariketa fisikoa egin zezaten. Hori gutxi balitz, testuinguru horretan, murrizketen kontua heldu zen. "Gu ari ginen negoziatzen enpresarekin hitzarmenarena, baina murrizketen erabakia aldebakarrekoa izan da".
Jakitera eman dutenez, Zarauzko Udalarekin biltzen ere saiatu dira, eta zenbait kasutan hobekuntza txikiak lortu badituzte ere, ez dute lortu arazo nagusia konpontzea.
Lanaldien murrizketa
2019arekin konparatuta, 2020an jaitsi egin zen kiroldegiko ikastaro kopurua, baina langileen lanaldiak gutxi gorabehera mantendu egin ziren, COVID-19a tarteko, bestelako zerbitzu batzuk eskaini behar zituztelako. Esaterako, langile bat egoten zen fitness gelan erabiltzaileek segurtasun neurriak betetzen zituztela zaintzen. Orain, 2019arekin alderatuta, ikastaro kopuruak baxua izaten jarraitzen du, eta 2020an jarri zituzten errefortzu horiek kendu egin dituzte. Hori da, ELAko ordezkariaren arabera, enpresak murrizketak arrazoitzeko daukan bidea. "Guk uste dugu ikastaro kopuru berdina eskaini beharko litzatekeela eta jarri ziren zerbitzuen errefortzua une honetan ezin dela kendu, arauak direnak direlako". Izan ere, besteak beste, oraindik maskararekin egon behar da kiroldegiaren barruan. "Zergatik aldatzen dira zerbitzuen errefortzuak araudia aurreko ikasturtekoaren berdin-berdina baldin bada?", galdetu du Altunak.
"Azpikontrata guztietan gertatzen den berdina gertatzen da hemen: administrazio publikoak dirua aurrezteko erabakitzen du azpikontratatzea zerbitzu bat, eta zerbitzu hori enpresa pribatu baten esku geratzen da. Enpresa pribatuak, noski, dirua ateratzea du helburu nagusi, eta ahal duen tokitik egiten ditu murrizketak horretarako", azpimarratu du. Horrek horrela izaten jarraituko du, Altunaren arabera, "udalak hala baimentzen duen bitartean".
Egunotan berrituko du kiroldegia kudeatzeko ardura esleitzen duen kontratua Zarauko Udalak. "Ez dakigu BPXportek jarraituko duen ala enpresa aldatuko den. Ez dakigu arrazoia hori den, baina gurekin negoziatzeari utzi diote, oraingoz. Ez dakigu negoziatzen jarraitu beharko dugun enpresa berdinarekin edo beste batekin. Dakiguna da, azken asteetako pausoak murrizketak besterik ez direla ari izaten", dio Altunak. Gertatzen dena gertatzen dela, beraz, une honetan langileak dira ondorioak pairatzen ari direnak.
Langileen egoerari ez ezik, erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuaren kalitateari ere eragiten diola azaldu du, azkenik, Altunak. "Azkenean, enpresa honi administrazio publikoak ordaintzen dio, eta hori gu geu, herritarrak, gara".