Literaturia

Apoak pozoitu zituen hitzak

Aitor Biain/Berria 2021ko ira. 23a, 18:30
Joseba Tapia musikaria eta Gotzon Barandiaran idazlea, ikusikizunaren entsegu batean. (Literaturia)

Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak Apoaren itzala estreinatuko dute larunbatean Zarauzko modelo aretoan.

Joseba Tapiak musika eta literatura batu zituen 1998an, Apoaren edertasuna diskoan (Gaztelupeko Hotsak). Trikitilariaren bakarkako lehen lana izan zen, eta hark utzitako arrastoa baliatu dute Gotzon Barandiaranek eta biek ikuskizun berri bat sortzeko: Apoaren itzala. Literaturian aurkeztuko dute, larunbatean, 22:00etan, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa). Diskoa abiapuntu hartuta, musikariak bakarka ondu duen ibilbidea errepasatuko dute, musika eta solasa uztartzen dituen emanaldi batean.

Koldo Izagirrerekin elkarlanean ondutako proiektua izan zen Apoaren edertasuna, idazlearen narrazio baten gainean osatu baitzituen diskoa eta ondorengo ikuskizuna, trikitiaren eta literaturaren arteko uztarketa berezia eginez. Barandiaranen hitzetan, hain zuzen, sortzaile askorengan eragin zuen disko bat izan zen. "Hitzen zaleak garenontzat, ipuin-disko hark izugarrizko eragina izan zuen. Askotan hitz egin dugu literaturaren eta musikaren inguruan aritzen garenon artean, eta bat gatoz disko hura dela idazle baten eta musikari baten arteko elkarreraginetik sortutako diskorik gogoangarrienetakoa".

Idazleak gogora ekarri duenez, mende berriaren atarian argitaratu zen diskoa. Ordurako euskal eszenan doinu berriak loratzen hasiak ziren, eta Tapiak berak, hain zuzen, Xabier Berasaluze Leturia pandero jotzailearekin batera hasieran eta bakarkako lanean gero, trikitia ohiko moldetik atera eta entzule berriengana eraman zuen. "Trikitia ordura arte oso baserri girora lotuta zegoen, eta gutako askorentzat, punk-rockean hasi ginenontzat eta gerora heavyan Su Ta Gar taldearekin eta estilo fusio izugarri horretan Negu Gorriak-ekin, izan zen konturatzea kontua ez zela soilik trikitia, baizik eta zer esaten duzun eta zer esan nahi duzun trikitiaren bitartez".

Irakurri artikulua osorik, Berria-n