Bertol Arrieta: "Pertsonaia bat asmatu nuen bere kontura barre egiteko"

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 24a, 09:36

Umorea ardatz hartuta eta ukitu zirikatzaile bezain jostariarekin, ‘Gezurra berdaderoa’ argitaratu berri du Bertol Arrieta idazle zarauztarrak: estreinako bere eleberria.

Komedia bat bezala aurkeztu duzu zure lehen eleberria. Hori gezurra da ala berdaderoa?

Hori irakurleek esan beharko dute, izan ere, umorea horren partikularra da...! Aurkezpenean esan nuen komedia bat dela, baina gero komedia bat izan nahi duela zehaztu nuen [barreak]. Jakina, gauza bat da zuk umorea egin nahi izatea, baina posible da ondoren irakurleei grazia zipitzik ez egitea. Argitaratu aurretik, hamar-hamabi laguni pasatu nien nobela, eta batzuk barrez lehertu dira eta besteak irri batekin irakurri dute, baina ez dute barre askorik egin. Pentsatzen dut denetarik izango dela irakurleen artean.

Euskal letren munduan proposamen ausarta da gero umorezko lan bat plazaratzea, ezta?

Ez dakit ausarta den, baina egia da lan askorik ez dagoela. Euskal literaturaren azterketa sakonik ez daukat eginda, baina egia da ez direla kaleratzen lan umoretsu gehiegi, nik dakidala. Nik hau idatzi nuen komedia bat behar nuelako. Konfinamendu garaian idatzi nuen. Hain zuzen ere, 50 egunez etxetik atera gabe ez erotzeko, pertsonaia bat asmatu nuen bere kontura barre pixka bat egiteko. Ideia bat neukan aspalditik umore kodean idaztekoa, baina inoiz ez zen aurrera ateratzen beste gauza batzuei ematen nielako lehentasuna. Hori izan zen nire buruari jarritako erronka, egunero kapitulu labur bat idaztekoa. Egoera zein zen kontuan izanda, balio izan zidan itxialdia hobeto eramateko.

Bizitza errotik aldatzen zaion 44 urteko gizonezko bat da pertsonaia. Gainera, zure lagun bati gertatutako pasarte bat du abiapuntu. Lagunak ba al daki?

Bada, oraindik ez diot esan, eta lehengoan berarekin izan nintzen! [barreak] Kontua da ostiral edo larunbat gau batean bizikleta kandatu zuela Zarautzen, eta parrandatik bueltan konturatu zela beste pertsona batek bere bizikletarekin batera lotu zuela nire lagunarena. Beraz, bitxikeria hori kuriosoa egin zitzaidan, eta beti izan dut asmoa pasarte horrekin zerbait idaztekoa. Horrekin batera, gure adin tankerako pertsona bat aukeratu dut, nolabait desgrazia asko tokatu zaizkiona oso denbora gutxian, eta bere bizitza hutsetik berrekin beharra daukana, 40 urte pasatxorekin. Hutsetik hastea 25 urterekin zaila izango da, baina 40 urterekin konplikatuagoa. Orduan, trantze horretan jarri nuen pertsonaia.

Egoera parodikoa da, baina eguneroko gauzak dira.

Bai, hala da, eta egoera benetan gogorrak dira. Pentsa ezazu, 40 urterekin lana galtzen duzula, bikoteak uzten zaituela eta etxe partekatu batean bizi zarela. Egia esan, ez da egoera batere komikoa, ez da batere samurra. Baina, kasu honetan, eleberriko protagonista ganora gabeko pertsona bat da, emaztearen kontura bizi zena. Beste klabe batean dago idatzita.

Helduentzat idatzitako zure aurreko bi lanak –Txikira beti hordago (2004) eta Alter ero (2012) – narrazio bildumak izan ziren. Oraingo honetan, nobelara jauzi egin duzu, erregistro aldaketa eginez. Berariaz ala ustekabean etorri da? 

Ez da bilatutako zerbait izan. Gainera, esan dezakegu narrazio motzak nire genero kutuna direla. Beraz, ni oso eroso sentitzen naiz esparru horretan, eta irakurle bezala ere asko estimatzen ditut narrazio liburuak, narrazio motzak, ipuinak eta halakoak. Kasu honetan, idazten hasi nintzenean, ez nekien zer itxura hartuko zuen honek. Lehen idazten nuen istorioa aurrez guztiz pentsatuta neukala, baina urte batzuk badira beste modu batera idazten dudala. Alegia, abiapuntu bat hartu, hasi eta hari tiraka joan, jakin gabe nora iritsiko naizen. Horrela abiatuta ez dakizu sekula zer aterako zaizun, ipuin bat, nobela bat edo auskalo!  Egia da luzatzen joan zitzaidala, eta azkenean eleberri bat izaten bukatu duela, baina ez da bilatutako zerbait izan.

Gainera, behin Wikipediatik deitu zidaten nire biografiarako testua idazteko, eta esan nien ez nuela sekula nobelarik idatziko [barreak]. Eta begira, nire buruari kontra egin diot. Liburu honek horrelako promesak hausteko balio izan badu, bejondeiola! 

Eta eleberri bat idatzita, idazle batek esan dezake tesia gainditu duela ala hori ere gezurra berdaderoa da?

Ez dakit gezurra berdaderoa den... Norbaiti entzun nion benetan zaila narrazioak idaztea dela. Tira, eleberri bat idaztea ere konplexua da. Bakoitzak dauka bere zailtasuna, baina ni ipuingintzan oso eroso aritzen naiz, eta orain nobela hau idatzi dudanean ere nahiko natural aritu naiz. Agian izango da prozesuagatik beragatik: lehen azkarrago bizi nintzen eta gauza laburragoak izateko tartea nuen eta, orain, pixka bat lasaiago bizi naiz, edo zaharxeago nagoela-eta moteldu egin da nire erritmoa.

Kapitulu labur ugariz osatuta dago liburua. Atal bakoitza istorio motz bat al da?

Ongi ikusia dago hori, propio egindako zerbait delako. Duela urte batzuk futboleko munduko txapelketa zela eta, artikulu bereziak egiten aritu nintzen Berria egunkarirako. Erronka handia zen, hainbat karakteretara mugatu behar nuelako, eta hartarako asmatu nuen halako istorio bat Rio de Janeirora joan izan banintz bezala kazetari lanak egitera. Egunero istorioak asmatzeko lan horretan indar handiko ipuin motz baten eredua hartu nuen. Orain, nobela hau egiterakoan, pixka bat horri heldu diot, eta tonua ere ordukoa dela esango nuke. Beraz, kapitulu bakoitza ipuin bat balitz bezala hartu dut.

Sitcom edo telesail baterako gidoi baten itxura du liburuak. Zure zinezaletasunak zerikusirik izango zuen horretan.

Niri zinema ikaragarri gustatzen zait. Ez dut sekula pentsatu horrelako zerbaitetan, baina  gerora pentsatuta bai ikusten dudala sitcom edo telesail batean... Nik pelikula bat ikusten dut ia. Telesailena baino, pelikulen zalea naiz ni. Orduan, nola ez, ikusten dut liburu honekin egin daitekeela halakorik, eta gustura hartuko nuke norbaitek pantaila handira eraman nahiko balu.

Asteburuan Literaturian izango zara, Ahotsenea gunean liburua aurkezten.

Igandean izango naiz, 12:00etan, Xabier Mendigurenekin batera. Liburuaren nondik norakoak azalduz, ea barre pixka bat egiten dugun. Gero, bermut bat hartzera joango gara liburuko protagonistak bezala.