Susa argitaletxearekin elkarlanean, Xabier Lizardiren Bihotzbegietan poema liburuaren edizio berria sustatu du Zarauzko Udalak. Azken urteetan, idazle zarauztarraren poema liburu hau deskatalogatuta zegoen, eta joan den apirilean poetaren jaiotzaren 125. urteurrena ospatu zela kontuan hartuz, eta nolabait baliatuz, liburuaren argitalpen berria kaleratu dute.
Atzo egin zuten edizio berrituaren aurkezpena udalbatzar aretoan, eta bertan izan ziren udaleko ordezkariak, Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluaga, Zuhar Iruretagoiena artista, Anjel Lertxundi idazlea eta Lizardi familiaren ordezkari Iñigo Agirre, besteak beste.
1932an argitaratu zuen Lizardik Bihotz-begietan poema liburua, bera zendu baino urtebete lehenago. Euskal poesiaren erreferentziazko lana da; izan ere, bertan barnebiltzen ditu: Bihotzean min dut, Xabiertxoren heriotza, Asaba zaharren baratza eta Bultzi-leihotik bezalako olerki handiak.
Edizio berri honetarako, jatorrizko testua gaur egungo ortografia estandarrera ekarri dute. Anjel Lertxundik egin dio hitzaurrea eta Zuhar Iruretagoiena artista zarauztarra izan da ilustrazioaren arduraduna. Era berean, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehitu nahi izan diote argitalpenari.
Susa argitaletxearen elkarlanetik sortu den argitalpen berri honek Zarauzko Udalaren laguntza jaso du; hain justu, 7.500 euroko inbertsioa egin du udalak. Atzoko aurkezpen ofizialaz gain, jendaurreko aurkezpena egingo dute Literaturia jaialdiaren barruan: bihar arratsaldean izango da hori, Ahotsenean, 18:30ean hasita.