"Irakasleak armairutik ateratzea inportantea da, eskola espazio seguru bilakatzeko bidean"

Mikel Garcia/Argia 2021ko ira. 24a, 16:00
(Dani Blanco)

Usua Martinez eta Kepa Blazquez zarauztarrak elkarrizketatu ditu Argia hedabideko Mikel Garcia kazetariak. Homosexualak eta irakasleak izanik, ikastetxe barruko eraso homofoboez, horri aurre egiteko estrategiez eta hezitzaileek jokatu dezaketen rolaz aritu dira.

Zenbateraino da “marikoia” ohiko iraina eskoletan, ikasleen artean? Zer zigortu nahi du irain horrek?

Kepa Blazquez: Eskola hein batean ere bada gizartearen isla eta beraz galdetu beharko genuke zenbat esaten den “marikoia” kalean, tabernan, gaztetxean… baina egia da eskolan ere erabiltzen dela irain hori. Ez du sexu praktika zigortzen, kaxetatik ateratzea baizik, zehazki mutil-kaxatik ateratzea, mutil ereduaren kaxatik. Dena den, eraso homofoboa ematen delarik, beti azpimarratzen dugu norbaitek erasoa jasan duela homosexuala delako, baina fokuak ez luke hori izan behar, baizik eta erasotzailea homofoboa dela: erasoaren iturburua ez da biktimaren homosexualitatea, erasotzailearen homofobia baizik. Aldi berean, beste norbait marikoi gisa seinalatzen duenari balio dio bere gizontasuna bermatzeko, kaxatik atera den hori seinalatuz bere burua kaxa barruan kokatzeko, arauaren barruan.

Usua Martinez: Nik ez dut ikusi ikasleak euren artean ari direnean “hura marikoia da” gisako solasaldirik; irain moduan aldiz, sarritan, adibidez mutilen batek bere gizontasunarekiko ahultasunen bat erakutsi badu. Espero ez nuena ere gertatu zait: klaseko lehenengo egunean 15 urteko gazteak euren burua aurkezten ari zirela, neska batek baino gehiagok adierazi zuen lesbiana edo bisexuala zela. Eta ez da kasualitatea, batetik neskak izatea hori adierazi zuten guztiak, eta bestetik gainerako ikasleekiko oso ahaldunduta zeuden neskak izatea. Askoz zailagoa ikusten dut mutil batek halako aurkezpen bat egitea, gay zarela esateak suposatzen duelako zure maskulinitatearen boteretik eskailera-maila asko jaistea.

K.B.: Nik uste, feminismoaren borrokari esker bollera izateak ez dizula emakumetza kentzen besteen begiradaren aurrean. Aldiz, mutilok gure burua maritxu gisa aurkezten dugunean zalantzan jartzen da gure gizontasuna. Emakume izateko hainbat modu dagoen bezala, ez dut uste gizon izateko halako aniztasuna dagoenik.

Esku hartzen al dute irakasleek halako irainak entzutean?

K.B.: Lehengora bueltatuko naiz, esku hartzen al du familiak, auzoak… halakoak gertatzen direnean? Badirudielako hezkuntzaren ardura baino ez dela. Ikastetxeetan, normalean testuinguru ez-formaletan gertatzen dira halakoak, pasilloan-eta, ez ikasgela barruan, eta ez da hain erraza lanketa egitea. Biolentzia den heinean moztu egiten da, momentuan esku hartzen da, baina hortik harago epe luzeko estrategia botatzen dut faltan. Eta estrategia horrek denontzat izan beharko luke, sexu joera dena delakoa ere, ulertuta kaxen opresioa denok jasaten dugula, nahiz eta gu gehiago odolusten gaituen; “marikoia!” oihukatu duen horri planteatu behar zaio bere gizontasuna hersten ari dela. Homofobiaren kontrako mezu gehienen diskurtsoa da “utziezu nahi duten bezala maitatzen” eta gisakoak, baina diskurtsoa bideratu beharko litzateke norbere homofobia lantzera eta desaktibatzera, ulertuz norberarengan ere eragiten duela opresio horrek, gutxi gehiago.

U.M.: Momentuan esku hartzen duzu, bai, baina horrekin bakarrik ez goaz inora, diskurtsoa oso ikasia dugulako denok, baita ikasleek ere. Badakite marikoi deitzea ez dagoela ongi, eta segituan esango dizute txantxetan ari zirela edo aitzakiaren bat jarriko dute. Alegia, kontua ez da ikusaraztea ekintza hori ez dagoela ongi, jakin badakitelako, eta hala ere behin eta berriz errepikatzen dute biolentzia hori… Kepak zioen bidetik, bestelako estrategiak behar ditugu, hasteko ikastetxeak espazio seguru eta eroso bilakatuz, sexu identitate guztiak babestuko dituen espazioa, gaur egun ez delako hala, inondik inora. Norbaiti marikoi deitzeaz ari gara, baina heterosexual ez denarenganako biolentzia alde guztietatik dator eskolan, curriculumetik hasi eta irakasleok egiten ditugun iruzkinetaraino.

K.B.: Estrategia premiari tiraka, nik beti izan dut harrikada bat: euskalgintzaren borrokari esker Irale formazioa lortu den moduan (irakasleentzako ikastaroak, euskara eta euskal kultura indartzeko), antzeko formazioa planteatuko nuke, hezkidetza oinarri, gai hauen kontzientzia hartzeko. Azken finean, ezer ez egitea da norma transmititzea eta egonkortzea, eta norma ez da naturala, propaganda eta zigor estrategiak ditu, eta ez dago horren kontzientzia nahikorik. Neska kuadrilla irtengo da luma duen mutilarekin batera patiora, eta hantxe joango zaio irakaslea “zeinen ongi akonpainatuta zauden” esatera mutikoari.

Zenbateraino iruditzen zaizue lagungarria irakasle ez heterosexualek euren identitate sexuala esplizitatzea? Armairutik ateratzen al dira irakasleak, ala bizitza pribatuaren esparrurako uzten dute gehienek?

U.M.: Ez dakit irakasleak armairutik atera ohi diren, baina niretzat bada inportantea egitea, “kaixo, hemen gaude, bollerak gara, marikak, transexualak, ez-binarioak, irakasleak gara eta lasai egon” mezua zabaltzea, eskola identitate sexual guztientzat espazio seguru bilakatzeko bide horretan. Heterosexualen artean hedatuta dagoen diskurtsoa da “zer behar duzu hori esateko?”, bada, hain juxtu, zuk ez daukazun beharra. Dena etiketatzeko beharrik ez dagoela esaten digute, baina ez dira konturatzen ezer esaten ez baduzu zuzenean duzun etiketa “heterosexuala” dela. “Ez du inporta zer zaren eta norekin oheratzen zaren, denok berdinak gara” ere badiote, eta ez da egia, heterosexual izateagatik besteok ez ditugun pribilegio batzuk dituztelako. Hori esanda, onartzen dut ikasleen aurrean “bollera naiz” esatea kostatu egiten zaidala. Batzuetan esan dut eta bestetan ez, taldeak berak batzuetan gai horretaz hitz egitera eramaten zaituelako eta bestetan ez. Azken azaroaren 25ean, adibidez, aztoratuta sartu ziren ikasleak, indarkeria matxistaz hitz egin nahi zuten, eta gizon zisheterosexualez gain dauden beste identitateez hitz egiten amaitu genuen.

K.B.: Gure barne-borroka eta zalantzak ditugu, eta ahal duguna egiten dugu. Batzuetan indartsuago zaude eta besteetan zaurgarriago, bolada batean kontraesanak izan ditzakezu… baina, noski ikusgaitasuna oso inportantea dela, ez bakarrik ikasleentzat, baita neuretzat ere, neure prozesuarentzat. Erreferente garelarik erreferentzialtasun hori ez badut erabiltzen nire marikitismoa mahaiaren gainean jartzeko, norma gailenduko da eta etiketa jartzen ez badut beste etiketa aktibatuko da, Usuak dioen moduan. “Zertarako esan behar duzu?”, bada, esan gabe heteronormak egiten duelako bidea. Hain juxtu, bikotea izan dudan garaietan erosoago esan izan dut gay naizela, normara zenbat eta gehiago hurbildu orduan eta errazago irekitzen zaizulako atea. Orain ostadarraren poltsarekin hasi naiz eskolara joaten.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen argia.eus atarian.