Calellako azokan izan dira Zarauzko ordezkariak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 26a, 09:00

Artisautza, gastronomia eta kultura ardatz dituen Kataluniako azokan Zarautzi eskainitako stand bat izan da egunotan.

Ostegun arratsaldean hasi zen Calellako eta Goi Maresmako (Herrialde Katalanak) artisautza, gastronomia eta kultura azoka, eta gaur arte bertan izan dira Zarauzko ordezkariak. 2006ko azokan herri gonbidatua izan zen Zarautz, eta aurten egitasmoak 40 urte betetzen dituela baliatuta, urtez urte gonbidatuak izan diren herriak batu nahi izan dituzte antolatzaileek. Gipuzkaoko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Zarautzi eskainitako stand bat egon da egunotan azoka horretan. 

Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendariak azpimarratu du "garrantzitsua" dela foru erakundearentzat Calellakoaren moduko azoketan parte hartzea, "Katalunia Gipuzkoako merkatu nagusienetako bat baita". Gaineratu du Zarautz "bereziki" babestu nahi dutela horrelako ekintzetan, "lurraldeko baliabideetako top10-etako bat" delako. Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo zinegotziak azaldu du bisitari katalanek "gustuko" dutela Zarautz eta "asko itzuli egiten" direla. Gainera, azpimarratu du Katalunia, eta bereziki Bartzelona, "lehen mailako turismo merkatua" dela Zarautzentzat.