Literaturia

Hitzaren ahala plazaratuko dute asteburuan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 25a, 09:00

Atzo iluntzean izan zen Literaturiaren irekiera ekitaldia, Modelo aretoan. Aurtengoan Itzala, hitzaren ahala hartu dute lelo, eta ohiko azokaz gain, mahai inguruak, ipuin kontaketa saioak zein askotariko ikuskizunak izango dira igande arratsaldera bitartean.

Lutxo Egia idazle bilbotarra arduratu zen atzo Literaturiaren aurtengo edizioari sarrera egiteaz. Irekiera ekitaldietan ohikoa den gisan, manifestu bat irakurri zuen jendaurrean Modelon, eta gaur egungo agertokietara ekarri zuen "hitzaren ahalaren" inguruko gogoeta.

Horren ostean, eta Literaturiaren egitarauari hasiera emanez, Sugarren mende ikusgarri dramatizatua taularatu zuten aretoan. Izen bereko liburu bat du argitaratua Asisko Urmenetak, eta hain justu, lan hori du oinarri antzezlanak.

Gaurko eta biharko egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. 11:00etan irekiko dute ohiko liburu azoka Lege Zaharren Enparantzan, eta han egingo diote omenaldia (H)ilbeltzari. Ahotsenea izeneko gunea, gainera, goizez nahiz arratsaldez izango da martxan Lege Zaharren enparantzan bertan; liburu aurkezpenak egingo dituzte han.

Modelo aretoan ere izango da zer gozatua gaurkoan: Laminen putzuan igeri ipuin kontaketa saioa eskainiko dute 11:00etan, Zientzia fikzioa Euskal Herrian mahai ingurua egingo dute 12:30ean eta Saiakera itzultzeaz mahai-ingurua 17:00etan, Bekatorosak ikuskizuna izango da 19:00etan eta, egunari amaiera emateko, Apoaren itzala emanaldiaz gozatzeko aukera izango da 22:00etan.

Ikusi hemen aurtengo Literaturiaren egitaraua, osorik