Urte luzez Musika Zuzenean

Xalba Ramirez/Argia 2021ko ira. 25a, 12:00

Musika Zuzenean-ek Hamaika Telebistan 150 urte bete dituela ospatzeko Zarauzko Ginger taldeak emandako kontzertuaz idatzi du Xalma Ramirezek.

Musika Zuzenean-ek Hamaika Telebistan 150 programa bete dituela ospatzeko, zer hobeto musika zuzenean eskaintzea baino. Donostiako Kafe Antzokian antolatu dute, EAEn dantzatzea debekatuta dagoen azken egunean bertan. Ginger eta Rodeokoak aritu dira dantza gabe, baina dezibelio dosi ederrarekin.

Ginger zarauztarrak izan dira gaualdiko erreginak, estreinaldia baitzuten. Lehenago Mor More edo Pottors eta Klito taldetzarretan aritutako lagunez osatuta, lehen kontzertuaren urduritasuna zeramaten, baina laguntzen zuen Doka zarauztarrez beteta ikusteak. Denak lagunak, eta dena alde, beraz.

Urduritasunak ez du giroa hoztu, beraz. Aspaldi entzun gabeko punk erritmo eta jarrerarekin, une melodiko eta hardcoretago batzuetatik igaroz, zuzeneko bizi eta alaia eskaini dute, irribarre konplizez josita.

“Mundua lo dago, baina jada ez du axola, gaua ez bada sartzen zure kulerotan”, lasai abestuz hasi da Nerea Altxu. Estrofa bukatu eta gitarraren distortsioa zabalik utzi denean, publikoa oihu bizian eta txistuka, bateria sartu, eta egurra emateari ekin diote. Zaratazarautz tradizioa daramate zainetan, badakizue.

Itoiz gogoratzen duen riff batekin jarraitu du Jone Azkoagak fin-fin SG elegantea astinduz, baina popera jo beharrean punk oinarriarekin: “Labana beti gertu, si viene le rajo”. Mor More-n egondako Andrea Lopetegik sendo mantentzen du baxua, Gorka Larrañagaren bateriarekin batera.

Irakurri artikulua osorik, Argia-n