Literaturia

Literaturiak hamaika liburu atera ditu plazara beste urte batez

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 25a, 13:09

11:00etan ireki dute Literaturiaren liburu azoka, eta ordu berdinean hasi dira gaurko antolatutako liburu aurkezpenak ere. Eguerdian, gainera, (H)ilbeltza omendu dute Literaturiaren antolatzaileek.

Atzo iluntzean hasi zen aurtengo Literaturia; Lutxo Egiak egin zion sarrera asteburuari, ohi bezala, manifestu bat irakurrita. Gero, Sugarren mende ikusgarri dramatizatua izan zen Modelo aretoan.

Aurreko urteetan bezala, dena den, Lege Zaharren Enparantza izango da Literaturiaren agertoki nagusietako bat: 11:00etan ireki dute liburu azoka, bihar arratsaldera arte egongo dena martxan. Ordu berdinean, gainera, liburu aurkezpenak hasi dira azokan bertan kokatutako Ahotsenea gunean.

Agus Perez arduratu da aurreneko aurkezpenaz; Aititaren betaurrekoak lana izan du hizpide idazleak. Beste bederatzi liburu aurkeztuko dituzte gaur Ahotsenean.

Omenaldia (H)ilbeltzari

Bestalde, Literaturiaren antolatzaileek urtero prestatzen dituzte bi omenaldi, eta gaurkoan (H)ilbeltza izeneko ekimenari egin diote aitortza. (H)ilbeltzak urtero antolatzen du euskal nobela beltzaren astea Baztanen, eta euskal literaturaren barruan erreferentziazko hitzordu bat bilakatu dela azaldu dute gaurkoan Literaturiako kideek. "Eskerrak emateaz gain, bultzada eman nahi dizuegu urte luzez lanean jarrai dezazuen", esan diete omenduei.

(H)ilbeltzako zenbait kide ere igo dira azokako oholtzara, eta oroigarria jasotzeaz gain, jakinarazi dute buru-belarri ari direla euskal nobela beltzaren hurrengo astea antolatzeko lanean. (H)ilbeltza izenak berak adierazten duen bezala, urtarrilean izango da aurtengo edizioa ere; hain justu, urtarrilaren 24tik 30era.

Biharko sorpresa berezi bat prestatu dute, gainera: Baztanen egin ohi duten ibilaldi dramatizatua egokitu eta Zarautzen eskainiko dute. Musika plazatik aterako dira 11:00etan.

Arratsaldean, Modelora

Modelo aretoan ere izango dira hainbat ekitaldi gaur arratsaldean, hala nola, mahai inguruak eta ikuskizunak. Ikusi hemen aurtengo Literaturiaren egitaraua, osorik.

Erlazionatuak

Hitzaren ahala plazaratuko dute asteburuan

Dorleta Agiriano Lai 2021 ira 25 Zarautz