50 urte bete ditu Itxasmendi auzoak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 26a, 12:00

Oroitarri bat jarri dute Itxasmendin, hamarkada hauetan guztietan "auzoan aktiboki lan egin" duten bizilagunen omenez. Auzokideek atzo arratsaldean ikusi zuten aurreneko aldiz.

Mende erdia bete du Itxasmendik, eta horren harira, ekitaldi berezi bat egin zuten atzo auzoan: oroigarri bat jarri dute duela bost hamarkada landatutako palmondoen azpian, "auzoan aktiboki lan egin" duten bizilagun guztien omenez, eta atzo erakutsi zuten jendaurrean lehenengo aldiz. Bereziki gogoan izan zituzten, gainera, dagoeneko "gurekin ez dauden bizilagunak". Guztien lanari esker, Itxasmendi gaur egun auzo "erosoa" dela azpimarratu zuten auzokideek atzokoan, eta "bizikidetza goraipatzekoa" dela ere azaldu zuten.

Dozenaka lagunen izen-abizenak ageri dira loreekin apaindutako oroitarrian; besteak beste, Crispin Osa, Jose Maria Zoazobide, Jose Manuel Fernandez, Hilario Zoazobide, Sofia Juzgado, Aizpea Lizaso, Marian Tarango, Ricardo Benitez, Rosa Rodriguez, Raimundo Glas, Leopoldo Torres, Aloña Bidezabal, Ainhoa Iribar, Jose Luis Aranguren, Mila Martinez, Jon Arrazola, eta abar luze bat.

Auzokideez gain, udaleko zenbait ordezkari ere bertaratu ziren ekitaldira. Itxasmendi "ezer ez zegoen leku batean" sortu zela ekarri zuen gogora Xabier Txurrukak, "hezegune baten erdian" sortu baitzen. Zailtasunak zailtasun eta "kostata", "auzoa pixkanaka osatu" zela eta gaur egun "oso berezia" dela nabarmendu zuen. Hala, Itxasmendiren "izaera" aski "ezaguna" delakoan dago alkatea; "Zarautzen galdetuz gero zer den Itxasmendi, Itxasmendi Zarauzko auzoa dela esango digute denek", gaineratu zuen.

Izatez irailean ospatzen dituzte San Migel jaiak auzoan, baina aurten ez da ohiko egitaraurik izango. Dena den, Sweet Sara Band taldeak dantzaldi bat eskaini zuen atzo arratsaldean, eta gaur El Peli komikoaren bakarrizketa bat izango da 18:00etan.