Literaturia

Jende ugari eta giro aparta, (H)ilbeltzaren 'Itzalekoak' ibilaldi dramatizatuan

Mireia Galarza Bastida 2021ko ira. 26a, 13:52

Santa Barbaran barrena egin dute ibilaldia parte hartzaileek, eta Ainhoa Alberdi, Kattalin Ezkerra eta Josune Gorostegik gorpuztu dituzte kontakizuneko pertsonaiak.

Ostiralean hasita, gaur emango diote amaiera Literaturiari. Ohiko moduan, egitarau oparoa izan du aurten ere ekimenak: emanaldiak, mahai inguruak, ipuin kontaketak, poesia ikuskizunak, liburu azoka...

Aurten ere, euskal literaturan egindako lana aitortzeko bi omendu izan ditu Literaturiak, hain zuzen, Galtzagorri eta (H)ilbeltza elkarteak, eta azken horrek eskaini du gaur Itzalekoak ibilaldi dramatizatua.

Eguraldiak lagun, 30 lagun inguru elkartu dira Musika Plazan, eta Santa Barbaran barrena egin dute ibilaldia. Ainhoa Alberdi, Kattalin Ezkerra eta Josune Gorostegik gorpuztu dituzte kontakizuneko pertsonaiak, eta Aitziber Zapiainek egin ditu narratzaile lanak. Guztien artean kontatu dute Ainhoa Alberdiren arbaso nafar eta emakumezkoen bizitza istorioa.

Bukaeran ere izan da sorpresarik. Zehazki, Madame Birrots taldeak pare bat musika pieza eskaini ditu Torreoian.

Erlazionatuak