Urriaren 1ean ospatu ohi da Nazioarteko Adinekoen Eguna. Hori aitzakiatzat hartuta, urtero antolatu ohi du Zarauzko Adinekoen Mahaiak 60+ Astea, 60 urte baino gehiago dituzten herriterrei zuzenduta. Horretarako, Adinekoen Mahaia osatzen duten eragileen proposamenak hartzen dituzte aintzat, eta aurten, urriaren 4tik 9ra bitarteko egitaraua prestatu dute. Hori aurkezten izan ziren atzo Jesus Arana Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Jabier Etxaburu Adinekoen Mahaiko kidea EH Bildu ordezkatzen eta mahaiko eragileetako ordezkariak.
Iragarritako ekintzez gain, «sorpresaren bat» izango dela aurreratu zuten. Zehazki, elkarte hauek osatzen dute Adinekoen Mahaia: Zarautz Herri Zaintzailea plataformak, Kostan elkarteak, Iñurritza jubilatuen elkarteak, Udaberri jubilatuen elkarteak, Santa Ana egoitzak, Maria Etxetxiki egoitzak, Nagusilanek, Duintasunak eta DYAk. Horiez gain, udal taldeak ere gonbidatuta daude mahaian parte hartzera.
Interes oro asetzeko
Antolatutako jardueretan parte hartu nahi dutenei aurrez izena emateko eskatu diete ekintzen antolatzaileek. Toka eta igel txapelketan edo orientazio ibilbideetan parte hartzeko izena eman beharko da Udaberri elkartearen bulegoan (Zigordia kalean), astelehenetik asteazekenera bitartean, 10:00etatik 12:00etara. Posta elektroniko bidez ere eman daiteke izena, ondorengo helbide honetara idatzita: udaberrizarautz@gmail.com. Aurrez izenik eman ez dutenek ere unean bertan emateko aukera edukiko dute, baina, ahal izanez gero, aurrez jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek.
Modelo aretoko hitzaldia eta bertso saioa doakoak izango dira, baina edukiera mugatua denez, sarrerak saioak hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte eskuragarri aretoko leihatilan.
Egitaraua
Urriak 4, astelehena
10:00. Toka eta igel txapelketa, Frontoi Txikin. Euria egiten badu, Gaztelekuan izango da.
Urriak 5, asteartea
19:00. Zaintza aringarriak eta krisia, Julio Gomez medikuaren eskutik, gazteleraz.
Urriak 6, asteazkena
18:00-20:00. Maria Etxetxikiko eta Santa Anako erabiltzaile eta egoiliarrek egindako eskulanen erakusketa, Merkatu plazan.
Urriak 7, osteguna
19:30. Bertso saioa, Modelo aretoan.
Urriak 8, ostirala
Goizez. Schola Cantorum abesbatzaren kontzertua Maria Etxetxikin, bertako erabiltzaileentzat.
Urriak 9, larunbata
Goizez. Schola Cantorumen kontzertua Santa Anan, egoitzako kideentzat.
Goizez. Orientazio ibilbideak: motza ala luzea aukeran.