Zabalik dago Mintzalagun programan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 29a, 17:00

Parte hartzea doakoa da, eta xedea euskaraz dakitenak eta ikasten ari direnak batzea da, euskaraz aritzeko.

Abian da 2021-2022 ikasturteko Urola Kostako Mintzalagun Programa. Egitasmoaren helburua da euskaraz dakiten pertsonak –bidelagunak– eta euskara ikasten ari direnak –bidelariak– elkartzea, astean ordubetez, hiruzpalau laguneko taldetxoetan, euskaraz aritzeko.

Mintzalagun ekimena aukera aparta eskaintzen dio euskara praktikatu nahi dutenentzat, baina norekin egin ez dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritarrentzat. 

Hori horrela, bidelari edo bidelagun izan nahi dutenek zabalik dute Mintzalagun programan parte hartzeko izen-ematea. Horretarako Urola Kostako AEK euskaltegiarekin edo Zarauzko Udal Euskaltegiarekin harremanetan jar daiteke; 625 48 52 15 telefono zenbakira deitu, urolakosta@aek.eus posta elektronikora idatzi edo mintzalagun.blogspot.com ataria bisitatu. Parte hartzea doakoa da, eta hamaika abantaila jasoko dituzte erabiltzaileek, direla deskontuak, direla opariak. Gainera, izena ematen dutenen artean hamar sari-kutxa zozkatuko dituzte hilero.

Egungo egoera dela-eta, beharrezko prebentzio-neurri guztiak hartuko dituzte mintzapraktika taldeetan eta ekitaldi guztietan. Horrez gain, aurrez aurreko eskaintza osatze aldera, urriaren amaieran online taldeetan parte hartzeko aukera eskainiko dute. Edonola ere, tarteka, aparteko jarduera osagarriak ere antolatuko dituzte: hitzaldiak, txangoak, irakurzale-klubak...