Bertako sortzaileen aldeko apustua eginda, kulturaz blai dator udazkena

Gonzalez Txabarri, Etxebarria, Urbieta eta Aizpuru, Sanz Eneako aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Abendura bitarterako prestatu duen kultur programazioaren berri eman du udalak. Ohi bezala, erakusketak, kontzertuak, antzezlanak nahiz literatur saioak izango dira.

Zarauzko Udaleko Kultura Sailak programazio zabala prestatu du datozen hilabeteetarako. Atzo aurkeztu zuten urriko, azaroko eta abenduko egitaraua Sanz Enean, Irune Urbieta Kultura zinegotziak, Miriam Gonzalez Txabarri erakusketetako komisarioak, Idoia Etxebarria Liburutegiko teknikari arduradunak eta Agurtzane Aizpuru Modelo aretoko programazioko teknikari arduradunak. 

Honako agertoki nagusi hauek izango dira datozen hilabeteetan arte diziplina ezberdinez gozatu ahal izateko: Torre Luzeako erakusketa aretoa, Sanz Eneako erakusketa aretoa, Modelo aretoa, Sanz Eneako liburutegia eta Imanol Urbieta musika eskola. 

Ohiko moduan, irakurzaletasuna sustatzeko txokoak izango dira, bai helduentzat, bai haurretzat. Haurrentzako irakurketa txokoa musika eskolan kokatuko dute aurten ere, edukiera kontuengatik. Helduentzako saioak, berriz, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango dira. Hurrenez hurren, Gorka Arrese, Amaia Garcia eta Olwen Mears arduratuko dira saioak gidatzeaz. COVID-19a dela eta, literatur solasaldietako taldeetan hamabi lagun egon daitezke gehienez, eta Etxebarriak jakitera eman zuenez, beteta daude dagoeneko talde guztiak. 

Neurriak arintzen

Oraindik ere hainbat neurri hartu beharra izan arren, zenbait murriztapen malgutu egin dituzte azken boladan Sanz Eneako liburutegian, egoera hobetzen ari dela eta. Etxebarriak adierazi zuenez, dagoeneko ez dute berrogeialdia egin behar liburuek erabiltzaile batek liburutegira itzultzen dituenean, eta martxan dira berriro ere eguneroko hemeroteka zerbitzua eta inprimagailua. «Erabiltzaile asko etortzen ziren lehen eguneroko prentsa irakurtzera», gaineratu zuen Etxebarriak. Aurrerantzean, beraz, herritar horiek ohitura hori berrartu ahal izango dute.

Atzoko prentsaurrekoan iragarri zituzten emanaldien artean, sarrera eskuratu beharko da Modelo aretoan direnetarako. Horiek erosteko aukera egongo da gaurko 09:00etatik aurrera, Kutxabanken sarrerak saltzeko online atarian. Aurrez aurre erosteko aukera ere izango da Modelo aretoan, leihatila zabalik dagoen uneetan.

Udazkeneko agenda

Antzerkia familian

  • Urriak 3, igandea. Teatro Paraiso konpainiaren Unico antzezlana, 6 urtetik gorako haurrentzat, Modelo aretoan, 16:45ean. Txotxongiloak eta antzerki erreala uztartzen ditu.
  • Urriak 31, igandea. Xamatito Patoren So hitzik gabeko antzezlana, 4 urtetik gorako haurrentzat, 16:45ean, Modelo aretoan. Zirkuarekin lotutako emanaldia da.
  • Azaroak 28, igandea. Antamapantahou konpainia greziarraren The string of music lana, Tolosako Titirijai jaialdiarekin elkarlanean, 16:45ean, Modelo aretoan.
  • Abenduak 19, igandea. Gorakada konpainiaren Zuhaitzak landatzen zituen gizona, 6 urtetik gorako haurrentzat, 16:45ean, Modelo aretoan.

Musika

  • Urriak 8, ostirala. Eskudero gala, 14. Akordeoi Konposizio Lehiaketa, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Urriak 15, ostirala. Bixente Martinez gitarrista zarauztarraren kontzertua. Bere lehen bakarkako lana aurkeztuko du, Haatik konpainiako dantzariekin batera, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Abenduak 23, osteguna. Idoia Asurmendiren kontzertua, 20:00etan, Modelo aretoan.

Antzerkia helduentzat

  • Urriak 22, ostirala. Axut taldearen Amua antzezlana, bikote harremanei eta askatasunari buruz, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Azaroak 19, ostirala. Tanttaka konpainiaren Ameriketako bidaia antzezlana, Patxo Telleriak idatzi eta Mireia Gabilondok zuzendua, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Abenduak 3, ostirala, Euskararen Eguna. Metrokoadroka konpainiaren Andrezaharraren manifestua, Mari Luz Estebanen liburuan oinarrituta, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Abenduak 17, ostirala. Guillem Alba katalanaren Calma, presari buruzko hitzik gabeko obra, 20:00etan, Modelo aretoan.
  • Abenduak 30, osteguna. Kamikaz kolektiboaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi komedia garratza, 20:00etan, Modelo aretoan.

Dantza

  • Azaroak 12, ostirala. Lasala taldearen Dead antzezlana, 20:00etan, Modelo aretoan.

Literatur solasaldiak

  • Urriak 14, osteguna, eta urriak 21, osteguna. Aki Shimazakiren Hozuki, la libreria de Mitsuko liburua, 18:30ean, Sanz Enean.
  • Urriak 28, osteguna. Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, 18:30ean, Sanz Enean.
  • Azaroak 4, osteguna. Ian McEwanen Machines like me, 18:30ean, Sanz Enean.
  • Azaroak 11, osteguna, eta azaroak 18, osteguna. Joan Lindsayren Picnic en Hanging Rock, 18:30ean, Sanz Enean.
  • Azaroak 25, osteguna. Koldo Eizagirreren Dumitru biluzik, 18:30ean, Sanz Enean.
  • Abenduak 16, osteguna. Laurie Leeren Cider with Rosie, 18:30ean, Sanz Enean.

Irakurketa Txokoa

  • Urriak 13, asteazkena. Miriam Mendozaren eskutik, irakurketa txokoa, 17:15ean hasita, Imanol Urbieta musika eskolako aretoan.
  • Azaroak 17, asteazkena. Miriam Mendozaren eskutik, irakurketa txokoa, 17:15ean hasita, Imanol Urbieta musika eskolan.

Erakusketak

  • Irailaren 9tik azaroaren 7ra. Alberto Palomeraren Ukiyotao Metodoa, 18:00etatik 20:00etara, Sanz Enean.
  • Gaurtik urriaren 24ra. Pedro Gaztañagaren pintura erakusketa, 18:00etatik 20:00etara, Torre Luzean.
  • Azaroaren 18tik urtarrilaren 16ra. Nazioarteko Argazki Mostra, 18:00etatik 20:00etara, Sanz Enean.
  • Abenduaren 2tik urtarrilaren 16ra. Ane Ajuriaren argazki erakusketa, 18:00etatik 20:00etara, Torre Luzean.
  • Urriaren 28tik azaroaren 28ra. Xabier Egaña artista zarauztarraren erakusketa Torre Luzean eta Merkatu plazan, 18:00etatik 20:00etara. Gainera, bere erlijio ibilbidearekin lotutako hainbat lan Frantziskotarren elizan egongo dira ikusgai.