Zarautz Kirol Elkarteak denboraldi berria aurkezteko ekitaldi ofiziala egin zuen asteazkenean, Karlos Arguiñano jatetxearen ondoan. Bertan, elkartu ziren errugbia, eskubaloia, futbola eta saskibaloia sailetako lehen taldeetako kideak, klubeko ordezkariak eta Zarauzko Udaleko ordezkariak.
Esteban Collantes ZKEko presidenteak klubak kirol arloan duen parte hartze handia azpimarratu zuen. ZKEn hamabi kirol atal daude, eta agerraldian aurkeztutako lau atalen artean 67 talde daude –2.000 kirolari, guztira–, 12 urtetik beherakoentzako eskolak kontuan hartu gabe. Hori guztia, klubean egiten den lanaren izebergaren punta baino ez dela gaineratu zuen. Gainera, lan horren atzean dauden asko boluntarioak direla nabarmendu zuen. Bide batez, ualaren eta babesleen laguntza eskertu zuen, eta nolabaiteko itxaropena agertu zuen aurtengoa urte normala izango delakoan kirola egiteko orduan.
Xabier Txurruka alkateak zorte ona opa zien klubeko talde guztiei denboraldi berriari begira. "Zarauzko Udalak herrian maila guztietako banakako zein taldeko kirola sustatzen jarraitzeko duen konpromiso sendoa du", azpimarratu zuen. Aldi berean, Txurrukak eskerrak eman zizkion ZKEri "zarauztarren kirol jarduera eta ohitura osasungarriak bultzatzen"egiten duen lanagatik.
Zarautz Rugby Taldea
Errugbi atal bost talde federatu ditu egun. Gizonezkoen lehen taldea, Gesalaga-Okelan Zarautz R.T., Ohorezko B mailan lehiatuko da bederatzigarrenez, Xabi Castaño eta Facundo Oribe entrenatzaileen gidatzipean. Denboraldiari urriaren 17an emango diote hasiera Avilesen, Belenos R.C.-ren aurka.
ZKE Eskubaloia
Talde gehien dituen atala da eskubaloia da, 23 talde federaturekin. Lehen taldeak maila nazionaletan lehiatzen hasi dira, eta dagoeneko ohikoak dira Zilarrezko Ohorezko Mailan. Mikel Alzaga da Aialako entrenatzailea, eta lehen bi partidetan puntu bakarra lortu dute. Hugo Sanchezek entrenatutako Amenabar, berriz, berdinketa lortu zuen BM Alcobendasen aurka joan den larunbatean, ligako estreinako partidan.
ZKE Futbola
Futbola talde gehien dituen hirugarren atala da: guztira 18 talde federatu ditu. Emakumezkoen lehen taldea Euskal Ligan lehiatzen ari da laugarren urtez, aurten Alberto Izquierdoren aginduetara, eta bi garaipenekin hasi du denboraldia. Gizonezkoen talde Ohorezko Mailan ari da, Xabier Oterminen entrenatzaile duela, eta hiru jardunaldietan hiru puntu lortu dituzte, sailkapenean gora egiten jarraitzeko asmoarekin.
ZAST
Saskibaloia klubean talde gehien dituen bigarren atala da, 21 talde federatu guztira. Gizonezkoen lehen taldea, Ulacia Zarautz, EBA liganari da nor baino nor seigarren urtez, liga nazionalean finkatuz. Jokin Collantes zarauztarrak entrenatutako jokalariek ez dute denboraldia ondo hasi, azken minutuetan Valle de Eguesen aurka galdu dute eta igande honetan ere ezin izan dute Ariztbatalde garaipenarekin estreinatu. Bestalde, Graficas Juaristi. emakumezkoen taldea datorren asteburuan hasiko den Probintziako Lehen Mailan lehiatuko da eta Beñat Jauregi zarauztarrak entrenatuko du.