Aldundiak kanaleko egurrezko zubia berrituko du datozen hilabeteetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 1a, 09:24
Arantxa Ariztimuño Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko zuzendaria, Xabier Txurruka alkatea, Markel Olano diputatu nagusia eta Leire Arana udal zinegotzia. (Amaia Urbieta Arruti)

Foru erakundeak hartuko du bere gain obraren finantzaketa osoa. 250.000 euroko inbertsioa egingo du Iñurritzako zubia berritzeko. Corten altzairuzko akabera izango du zubi berriak.

Iñurritza ibaia itsasoratzen den kanalaren gainean dagoen egurrezko zubia berrituko du Gipuzoako Foru Aldundiak datozen hilabeteetan, udazken-negu partean. Obra berriari buruzko xehetasunak eman zituzten atzo prentsaren aurrean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Xabier Txurruka alkateak.

2019an "egiturazko arazoak" atzeman zituzten egungo zubian, Olanok azaldu duenez. Hori dela eta, diputatu nagusiak iragarri du 250.000 euroko inbertsioa egingo dutela zubia "erabat berritzeko". Obra osorik finantzatuko du Foru Aldundiak, egin beharreko guztia diru kopuru horrekin egitea aurreikusi baitute. Dena den, hitzarmenean jaso dute, obra gehigarri batzuk sortuko balira, Zarauzko Udalak hartuko lituzkeela bere gain.

"Laster" hasiko dira obrekin Olanoren arabera, eta aurreikusten dute lau hilabete ingururen bueltan zubia "oso aurreratuta, edo ahal bada bukatuta" egotea, udaberrirako. "Ikusi besterik ez dago zenbat jende dabilen, Zarautzentzat eta Gipuzkoa osoarentzat leku garrantzitsua da",
adierazi du Olanok. Gainera, zehaztu du aldundiak bi ardatz dituela esku hartzeko eta bereziki zaintzeko: jendearen gozamena eta naturaren kontserbazioa. "Bi horien arteko oreka uztartu beharra daukagu", nabarmendu du diputatu nagusiak.

Zarauzko alkateak "poza eta aldundiari esker ona" azaldu ditu bere hitzartzean. "Iñurritzako zubia zarauztar askok erabiltzen dugu, eta oso puntu garrantzitsua da Mollarri eta Getaria lotzen dituen ibilbidean".


"Balean oinarritua"


Txurrukak azaldu du lanean aritu direla aldundiarekin eta bere teknikariekin, eta diseinu "berezia eta ingurunearekin ondo txertatuko dena" egingo dutela baieztatu du. "Proiektua adostuta eta lotuta dago, datozen asteetan Zarauzko Udalak lizitaziora aterako du obra, negu honetan gauzatu dadin".

Alkateak aurreratu duenez, gaur egun dagoen egurrezko egitura corten altzairuzko akabera izango duen materialarekin ordezkatuko dute. Diseinu aldetik, berriz, ingeniariek balearen kontzeptua hartuko dute erreferentzia gisa, zubia egiteko.

Alkateak gaineratu du obrek eragiten dituzten eragozpenak "ahalik eta txikienak" izan daitezen ahaleginduko direla, baina uneren batean moztu beharko dutela bidea. Edozein aldaketa garaiz ohartaraziko dutela gaineratu du.