Ostatuetako okupazioa ia 2019an adinakoa izan da abuztuan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 3a, 09:00

Udako denboraldiaren balorazio "positiboa" egin du Turismo Sailak. Besteak beste, bisitarien jatorria, horien interesak eta ostatuen okupazioa aztertu dituzte.

Azken bi asteetan udako denboraldiko datuak jasotzen aritu dira Turismo Bulegoko teknikariak, eta horien inguruko zehaztapenak eman ditu Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak prentsa ohar bidez.

Bere arabera, 14.000 bisitari pasatu dira uda sasoiko hiru hilabeteetan turismo bulegotik. "Ia 2019ko kopuru bera".2020arekin alderatuta, %75ekoa izan da igoera. Gainera, bisitari katalanen kopurua igo izana nabarmendu du. Turismo bulegoak jasotako bisitarien %29,17 katalanak izan dira, eta kopurua igo egin da 2019az geroztik.

Turismo bulegora jotzen duten bisitariek Zarautzi nahiz eskualdeari buruzko informazioa eskatzen dute, Larrañagaren arabera. Zehatzago, mendi ibilbideen, familian egiteko ekintzen, udako ekitaldien nahiz Iparraldera joateko baldintzen inguruko informazioa eskatu dute askok.

Azkenik, zinegotziak azaldu du "errotazio handia" egon dela herriko ostatuetan. "Kantzelazioak eta azken orduko erreserbak izan dira nagusi eta, orokorrean, egonaldiak motzak izan dira. Hala ere, beste kasu batzuetan ohi baino estantzia luzeagoak ere izan dituztela adierazi digute". Uztailean herriko ostatuen okupazioa %71,32koa, 2019an baino baxuagoa, izan dela jakitera eman du udalak, baina abuztuan %92,75era iritsi da, ia 2019ko datuetara.  Iraileko datuak oraindik ez dituzten arren, Turismo departamendak aurtengo udako okupazioaren inguruko "balorazio positiboa" egin du.