Zabalik dago euskara harrera ikastaroetan izena emateko epea

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 3a, 11:00
2019ko harrera ikastaroko irudi bat.

Euskarazko oinarrizko esamoldeak ikastea, bertako kulturara hurbilpena egitea eta Zarautzen eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzuak ezagutzea dira ikastaroaren helburuak.

Aurten ere Euskara-Harrera ikastaroak antolatu ditu Zarauzko Udalak. Egitasmo honen bidez, Zarautzera heldu berriak diren bizilagunei oinarrizko euskara ikastaro trinkoa eskaintzen zaie, 68 ordukoa. Oinarrizko euskarazko esamoldeak ikasteaz gain, etorri berria euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea da ikastaroaren helburua. Zarautzera hobeto egokitzeko bertako baliabide eta zerbitzuen berri ere ematen da.

Ikastaroak Udal Euskaltegian egiten dira, goizez edo arratsaldez. Ikastaroan izena eman nahi duenak urriaren 15era arte dauka horretarako aukera. Ikastaroaren kostua 10,10 eurokoa da, eta izena emateko Gizarte Zerbitzuetara jo behar da. Telefonoz deitu daiteke (943-00 51 27) edota msarasua@zarautz.eus helbidera mezua bidali.