Bertso-sorta: 'Bizikleta eta sistema'

Inaxio Uria Isasti-ren bertso-sorta berria, Iparragirre abila dela doinuan abesteko.

-1-
Kapitalisten sistema honek
dena mendera du eta
beraien kezka azaldu dute
arren eskatuz arreta
Bertan inguratua
da talde aditua
Hor hasi da hausnarketa
Arazoaren funtsa izanik
bereziki bizikleta (bis)

-2-
Txirrindulariak omen dira
orokorki kaltegarri
Herri ekonomia ahulduz
era larrietan sarri
Adibide zerrenda
ugaria omen da
Batzuk dizkigute jarri
Argudioak zehatzak dira
ez agian sinesgarri? (bis)

-3-
Bizikleta bat eroste lana
arina da inondikan
Eskatu beharrik ez delako
Kutxetan krediturikan
Ez seguru ez Ota
Ez erregai. Porrota!!
Ez gizentze beldurrikan
Ez errei berri ta gutxiago
noski autobiderikan (bis)

-4-
Jende sanoak ez dio laguntzen
inoiz ekonomiari
Ez sendagile ta ez botika
Muzin eritetxeari
Horrek duen eragina
nabari da,jakina!!
Ekarpenik ez kaxari
Ondorioz erantzun murritza
herriaren beharrari (bis)

-5-
Alderantzizkoa da emaitza
Mac Donald kate batena
Hogei ta hamar postu sortuaz
Kardiologoak herena
Beste hamar dentista
ta hamar dietista
Gehituz lanpostu zuzena
Herri ekonomia suspertuz
Aurrerabide onena!! (bis)

-6-
Mac Donald bat edo bizikleta
zehazki hautatzekotan
ondo pentsatu behar genduke
Esnatu!!. Ez egon lotan
Beraz gure aukera
gustuen arabera
ahaztu behar da askotan
Behingoz sistema hau babesteko
Jar gaitezen bide hortan (bis)