Nogenen kontzertua eta Free Style Bike Show ikuskizuna antolatu ditu udalak gazte eta nerabeentzat

Nogen taldeko kideak.

Udazkenak ere gazte! egitasmoaren barruan, urriaren 15ean egingo dituzte musika emanaldia eta bizikleten salto eta akrobazien ikuskizuna. Gaztelekuan antolatzen diren ekintzen osagarri izango dira, Irune Urbieta EAJ-PNVko Gazteria zinegotziak azaldu duenez.

Udazkenean herriko nerabe eta gazteei aisialdi eta kultur jarduerak eskaini nahi dizkie udaleko Gazteria Sailak, eta hala, urriaren 15erako antolatu dituzten bi ekitaldi bereziren berri eman du Irune Urbieta Gazteria zinegotziak.

Batetik, Nogen taldeak kontzertua eskainiko du Lizardi aretoan. Bestetik, bizikleten salto eta akrobazia ikuskizuna egongo da Aritzbatalde frontoian: Free Style Bike Show du izena. Azken hori 18:00etan hasiko da, eta haurrentzat eta nerabeentzat izango da. Kontzertua, berriz, 22:00etarako programatu dute.

Doan ikusi ahal izango dira bi ekitaldiak, baina aurrez gonbidapenak hartu beharko dira Modeloko leihatilan, datorren larunbatetik aurrera, urriak 9.  Ordutegia larunbatean 09:00etatik 12:00etara izango da, eta gainontzeko egunetan, berriz, txarteldegiaren ohiko ordutegia izango du. Bizikleta ikuskizunerako lau gonbidapen jaso ahal izango ditu herritar bakoitzak, eta Nogenen kontzerturako, berriz, bi.

Gaztelekuan, hilero ekintza berezi bat

Udazkenak ere gazte! egitasmoaren barruan, Haize-Orratz Gaztelekuan ere hainbat ekintza egingo dituzte. Urbietak azaldu duenez, hilero zerbait berezia eskainiko diete gaztetxoei.

Zozketa ere antolatu dute. Hala, ekintza horietako batean parte hartzen duten gazteek lau lagunentzako afaria irabazi ahalko dute. Gabonetan egingo dute zozketa parte hartzaileen artean.