Bi kutsatze atzeman dituzte Zarautzen azken hiru egunetan

Andoni Elduaien 2021ko urr. 4a, 13:24

Eremu berdera igarotzetik oso gertu dago Zarautz. Gaur-gaurkoz, 68,53koa da tasa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Urola Kosta eskualdean zazpi kasu positibo baieztatu dituzte azken egunetan. Bina kasu positibo hauteman dituzte Aian, Azpeitian eta Zarautzen, eta kasu positibo bat Azkoitian. Aian, larunbatean zenbatu zituzten bi kasuak, eta intzidentzia tasa 554,16koa da egun, ostiralean baino 51 puntu altuagoa. Azpeitian, ostiralean bi kasu zenbatu arren, behera egin du tasak, eta 151,12koa da egun tasa han –170,83koa zen ostiralean–. Zarautzen, ostiralean eta larunbatean positibo bana atzeman zuen Osasun Sailak. Han ere intzidentzia tasak behera egin du, eta eremu berdera igarotzetik gertu gelditu da herria; gaur-gaurkoz 68,53koa da tasa –ostiralean 85,66koa zen–. Azkoitian, aldiz, ostiralean detektatu zuten positiboa, eta igo egin da intzidentzia tasa; 91,80koa da egun han zenbatekoa.

Gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman, eta ondorioz, intzidentzia tasa jaitsi egin da herri gehienetan. Beherakada nabarmen nabaritu dute Zumaian; izan ere, eremu berdean sartu da. Ostiralean, eremu berdera igarotzetik muga-mugan gelditu zen Zumaia, baina, egun 30,53ko intzidentzia tasa dute han. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zeroan dute intzidentzia tasa, 35,34an Getarian, 32,62an Orion eta 77,04an Zestoan.

Positibo gehien, Gipuzkoan

Atzo, igandea, 84 kasu positibo atzeman zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak. Guztira, 3.602 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, positibotasun tasa %1,9koa izan zen. Araban, sei kasu poisitibo zenbatu zituzten, 21 Bizkaian, 37 Gipuzkoan, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean. Nafarroan, aldiz, hamasei kasu positibo detektatu zituzten atzo.

Hego Euskal Herriko ospitaleek egonkor jarraitzen dute. Osakidetzaren mendeko erietxeetan, esaterako, behera egin du ospitaleratuen kopuruak ostiraletik, baina ZIUetan bi lagun gehiago daude. Egun, 57 daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 39 ZIUn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 63,28ko da gaur-gaurkoz, eta beraz, oso gertu dute hiru lurraldeek eremu berdera jauzi egitea.