Zarauzko ekimenen berri modu digitalean izateko Telegram kanala martxan da

Panel Urdina kanala sortu du Noranahi elkarteak, Zarauzko ekimenak eta ekitaldiak iragartzeko kartelen horma digitala.

Kaleko panel urdinen funtzioa modu digitalean beteko duen Panel Urdina Telegrameko kanala sortu du Noranahi elkarteak. "Beti ere baliabide libreak erabiliz", euskara, herrigintza eta teknologia berriak sustatu nahi dituen elkarte berria da Noranahi. Xabier Lizardi poetaren olerki batetik hartu du izena elkarteak. Hala zioen zarauztarrak: Hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa. "Sormena, euskara eta herriko eragileen arteko ezagutza sustatzea" eta "teknologiari dagokionez baliabide libreen erabilera bultzatzea" dute xede.

Horregatik guztiagatik, herriko eragileek antolatzen dituzten ekimenak iragartzeko baliagarria izango delakoan sortu dute Panel Urdina kanala, eta gonbidapena luzatu diete talde nahiz elkarteei horma digital berria erabiltzeko. Ideia Bergarako Zibergara elkarteak abiarazitako Elkartela kanaletik hartu dutela azaldu dute Panel Urdinaren sortzaileek, eta haiek egindakoa Zarautzera ekarri dute. "Zarautz herri bizia denez eta ekitaldi eta ekimen asko antolatzen direnez, bertako eragileentzat ere ekimen interesgarria izan daitekeela ikusi dugu", azaldu du Noranahik.

Herriko ekitaldien berri izan nahi duenak Telegram mezularitza aplikazioan du horretarako aukera. Kanalarekin bat egiteko, klikatu esteka honetan. Kartelak kanaletik zabaltzeko, berriz, panelurdina@ni.eus posta elektronikora bidaltzearekin nahikoa da.

"Euskaraz sortutako edota euskara nabarmen lehenetsitako kartelak" zabalduko dituzte, eta herri ekimeneko ekitaldi guztiei zabalik egongo da: kultur ekitaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, kirol ekitaldiak, batzarrak, mobilizazioak eta abar.