Johnny Cabianca: "Surflariak ezin du oholean pentsatu"

Mikel Agote eta Johnny Cabianca. (Amaia Urbieta Arruti)

Gabriel Medina aurtengo munduko surf txapeldunaren oholak egin ditu, Euskal Herrian, Zarauzko Basque Country Surf Company lantegian. Bere kabuz ikasi zuen ofizioa, sorterrian, Brasilen. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

Shaper-a da Johnny Cabianca (Sao Paulo, Brasil, 1964), urteetan pilatutako eskarmentuarekin surf oholei forma ematen dien espezialista. Ona da: berak egin dizkio oholak Gabriel Medina surflari brasildarrari irabazi dituen hiru munduko txapelketetan: 2014an, 2018an eta aurten. Bizitza bidaiatzen pasatu eta gero, Euskal Herrian errotuta dago, etxean sentitzen da, eta lantegi bat ere sortu zuen Mikel Agote shaper oriotarrarekin, Zarautzen (Gipuzkoa): Basque Country Surf Company. Cabianca Surfboards da bere marka.

Anaiekin partekatzen zenuen surf ohola konpontzen hasi zinen. Zeure kabuz ikasi duzu dakizuna?

Bai. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran Brasilen ez zegoen inor esan ziezazukeena surf ohol bat egiteko erretxina nola nahastu behar zen katalizatzailearekin. Esperimentatuz joan ginen; alkimistak ginen.

Zaletasuna negozio bihurtu zenuen.

15-16 urterekin oholak konpontzen nituen. 18-19rekin tailer bat sortu eta oholak egiten hasi ginen.

Gurasoei ondo iruditu zitzaien?

Ez zitzaien gustatzen horretan aritzea: surfa, surflariei buruzko estereotipoak, drogak... Surfa ez zen kirola, errebeldeen kontua baizik.

Unibertsitate garaian surf oholak egiteari utzi zenion?

Ez, gauez ikasten nuen eta egunez oholak egiten nituen.

Gaur egun surf ohol bat egin nahi duenak informazio ugari izango du eskura. Nola egiten zenituzten taulak garai hartan?

Eromena zen. Ez genekien nola forma eman, zenbat erretxina erabili... Hala moduz ibiltzen ginen, beste ohol batzuk kopiatuta-eta. Garai hartan, astebete behar genuen shape bat egiteko, ohol bati forma emateko; orain, ordubete. Guretzat eta ingurukoentzat egiten genituen.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.