Yuri Berchichek 2024ra arte luzatu du kontratua Athleticekin

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 6a, 10:15

Jokalari zarauztarra pozik agertu da klubarekin bi urtez luzatzeko aukera izan duelako.

Yuri Berchiche futbol jokalariri denboraldi honetan amaitzen zitzaion kontratua Athletic taldearekin, eta beste bi denboraldirako luzatzea adostu dute, 2024ko ekainaren 30era arte.

Atzelari zarauztarrak 106 partida jokatu ditu talde zuri-gorriarekin lau urte hauetan, eta guztira, bederatzi gol sartu ditu. Horietako bat Granadari izan zen, 2019-20ko Errege Kopako finalerdian, eta horri esker, finalerako txartela lortu zuen Athleticek.

Berchichek gustura agertu da akordioarekin, eta eskerrak eman dizkie klubari eta zaleei: "Emozioz beteriko lau urte izan dira. Hasiera-hasieratik, oso maitatua sentitu naiz. Oso pozik nago kontratua bi urtez luzatzeaz. Etxean bezala sentitzen naiz, gauza batzuk egiteke daude”.