Frente Polisarioko M. Limam Mohamed Aliri harrera egin diote udal taldeek

Udal taldeetako ordezkariek eta Saharautz elkarteak egin zioten harrera Frente Polisarioaren ordezkariari. Bera Zarautzen jasotzea "ohorea" izan zela azpimarratu zuten, eta Mohamed Alik ere esker hitzak izan zituen denentzat.

Aurten berrartu den Sahara Gara ekimenaren barruan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Frente Polisarioaren ordezkari den M. Limam Mohamed Aliri harrera egin zioten Zarauzko udal taldeek eta Saharautz elkarteak. Udaletxen elkartu ziren eta, ondoren, lan bilera egin zuten udal taldeek eta saharar ordezkariak.

Jesus Arana alkateordeak ongietorria egin zion Mohamed Aliri, eta azaldu zuen "ohorea" dela bera jaotzea. "Zarautzek beti eduki du harreman estua saharar herriarekin", esan zuen. Azpimarratu zuen Saharautzen moduko elkarteek egiten duten lana, eta eskerrak eman zizkien.

Horrez gain, jakinarazi zion Frente Polisarioko ordezkariari Saharako herriaren egoeraz eta bizi dituen injustiziez ari direnean, "ados" egon ohi direla talde politiko guztiak: "adierazpen instituzionalen bat aurkezten denean, denok egiten dugu bat, udal alderdi guztiok".

Patxi Elola kooperazio zinegotziak ere esker hitzak izan zituen, eta gogorarazi zuen atzotik martxan direla Sahara Gara ekimeneko hitzorduak. Jesus Goikoetxea zinegotziak nabarmendu zuen halako ekimenek duten garrantzia transmisioan. "14-15 urteko gazteek erakusketa ikusiko dute, dokumentala... eta hori garrantzitsua da gazteek ezagutu dezaten Sahararen egoera eta haien borroka".

Saharautzen ordezkari gisa izan zen atzo udaletxean Asier Oñederra, eta hark ere eskerrak eman zizkien alderdi guztiei eta udalari, berriro izan dutelako Sahara Gara antolatzeko aukera. Gogorarazi zuen azaroan karabana bidaliko dutela Sahararantz maletaz beteta, udan etorri ezin izan duten haurrentzat. Gaineratu zuen 2022an ziurraski izango dela aukera Oporrak Bakean ekimena aurrera atera ahal izateko, eta familiaren bat interesaturik balego, dagoeneko jar daiteke harremanetan Saharautzekin.

Azkenik, Limam Mohamed Alik hartu zuen hitza. Hark ere esker hitzak izan zituen bertaratutako denentzat, "Sahararen borroka ikusgarri egiteagatik eta babesteagatik". Herrien arteko solidaritate hori goraipatu zuen, eta nabarmendu zuen mantenduko zela "saharar herri askatzen den arte".