Klima Bai! lehiaketan parte hartuko du Zarauzko Udalak

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 6a, 12:25

Herritarrek ere parte hartzeko deia egin du Ingurumen Departamentuak. Aldundiak antolatutako ekimen honek hiru sari potolo banatuko ditu puntuazio gehien lortzen duten udalerrien artean, klima-aldaketara egokitzeko proiektuetan inbertitzeko.

Herritarrak ekintza klimatikoan sentsibilizatzeko eta trebatzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Klima Bai! lehiaketa jarri du abian. Izen bereko app-aren eta web orriaren bidez garatuko da lehiaketa, eta hainbat erronka planteatuko ditu zazpi ekintza-eremutan; hau da, energia, elikadura, ehungintza, ur hondakinen kontsumoa, mugikortasun jasangarria eta biodibertsitatean. Egitasmoaren helburua da herritarren eguneroko ohiturak eta horiek nola eralda daitezkeen hausnartzea, ekintza jasangarriago bihurtuz eta klima-aldaketaren aurkako borrokan bat eginez.

Klima Bai! udalerrien arteko lehiaketa gisa planteatu dute; azken puntuazioa udalerri bakoitzeko familia parte hartzaileen puntuazioen batura izango da, hain zuzen ere. Ofizialki, udalek emango dute izena lehiaketan, eta hauek beren udalerrietako herritarrek ekimen honetan parte har dezaten lortu beharko dute. Puntuazio handiena lortzen duten udalerrientzat hiru sari banatuko dira, klima-aldaketara egokitzeko proiektuetan inbertitzeko. Lehengo saria 40.000 eurokoa izango da; bigarrena, 20.000 euroko; eta hirugarrena, azkenik, 10.000 eurokoa.

Ingurumeneko zinegotzi Gloria Vazquezek iragarri du Zarauzko Udalak dagoeneko eman duela izena lehiaketan,  eta, bide batez, zarauztarrak animatu ditu lehiaketan parte hartzera, "beroketa globalaren aurrean gure erantzuna hobetzeko eta ikasteko" aukera ematen duelako. Bere esanetan, "udal bakoitzak, txikia zein handia izan, eta pertsona bakoitzak geure aukeren arabera jarduteko erantzukizuna dugu klima-aldaketa geldiarazteko. Horrelako ekintzek norabide egokian aurrera egiten laguntzen digute”.

Izena emateko  bidea

Parte hartu nahi duten herritarrek aldundiaren Ingurumenaren webguneko Klima Bai! aplikazioan eman behar dute izena. Zenbat eta parte-hartzaile gehiagok izena eman, orduan eta aukera gehiago izango dituzteu dalek puntuak metatzeko. Bestalde, banakako sariak ere emango zaizkie puntu gehien pilatzen dituzten herritarrei, KlimaBai! aplikaziotik planteatutako erronkak gaindituta.