Ostiraletik aurrera ez da erreserbarik egin beharko kiroldegiko instalazioak erabiltzeko

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 6a, 16:00
Aritzbatalde kiroldegiko aretoa. (Zarauzko Udala)

Sarrera-irteeretan pilaketak saihesteko antolaketa modu bat zehaztu dute, fitness aretoko, ikastaroko eta igerilekuko erabiltzaileentzat.

Bihar sartuko da indarrean osasun larrialdi egoerari amaiera emango dion dekretua, eta, ondorioz, murrizketa gehienak bertan behera geratuko dira. Udaleko Kirol Departamenduak jakinarazi du Aritzbatalde kiroldegian normaltasunera lehenbailehen itzultzeko pausoak ematen hasiko direla ondorengo egunetan. Hala, ostiral honetatik aurrera erreserba sistema kendu egingo dute, eta erabiltzaileek modu librean erabili ahal izango dituzte instalazioak, edukiera eta ordutegi muga gabe.
 
Edonola ere, sarrera eta irteeretan nolabaiteko pilaketak saihesteko, ondorengo antolaketa zehaztu dute:
fitness gunera doazenak sarrera tornuetatik sartuko beharko dute, eta lehen solairuko larrialdi atetik irten;  lehorreko ikastaroetako erabiltzaileak ere sarrera tornuetatik sartuko dira, baina bigarren solairuko larrialdi atetik irten beharko dute; eta igerilekura dozenak edota igerilekuko ikastaroetako erabiltzaileek sarrera tornuetatik sartuko dira, eta harrera ondoko larrialdi atetik irtengo dira. Instalazio barruan maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da.
 
Ordutegiari dagokionez, astegunetan 06:15etik 21:30era egongo da zabalik kiroldegia, larunbatetan 08:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara, eta igandeetan 08:00etatik 13:30era.
 

Erreserbak igerileku txikirako

Horrekin batera, Leire Arana Kirol zinegotziak jakinarazi duenez, salbuespen moduan igerileku txikirako erreserba sistema mantenduko dute larunbatetan eta igandeetan: “Asteburuetan familia asko dira igerileku txikiaz gozatzera etortzen direnak eta, askotan, pandemia baino lehen gertatu izan den bezala, igerilekuko edukiera bete egiten da eta familiek harreran itxaron behar izaten dute aforoa arindu bitartean. Erreserba sistema mantenduz, familiek igerilekuko erabilera egitea bermatzen dugu”. Txandak orain arte bezala mantenduko dira.
 
Bestalde, neurriak bertan behera bihar geldituko diren arren, Departamentutik orain arteko sistema kentzeko lanean dihardutela egun hauetan jakitera eman du Arana. Bere esanetan, "lanketa handia egin zen erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko sistema bat martxan jartzeko eta, orain, bertan behera uzteak ere lanketa bat dakar, besteak beste, garbiketa eta zerbitzuaren berrantolaketan. Ostiralean emango ditugu lehen pausoak eta, pixkanaka, joango gara pandemia aurreko egoerara itzultzen”.