Kiroldegiko langileak, grebara

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 7a, 15:47
Aritzbatalde kiroldegiko langileak lau egunetako greba egingo dute. (Aritz Mutiozabal)

Lau eguneko lanuztea iragarri dute urriaren 13, 14, 18 eta 19rako, lan hitzarmenaren alde eta BPXport enpresak abiatutako murrizketen kontra. Mobilizazioak ere egingo dituzte aipatu egunetan.

Hitzarmen duin baten alde, Udala/BPXport erantzule. Gaur eguerdiko agerraldian atera duten pankartarekin mezu zuzena helarazi nahi izan dute Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko langileek, jarraian iragarri dute lau eguneko grebarekin batera. Urriaren 13, 14, 18 eta 19an egingo dituzte egun osoko lanuzteak, lan hitzarmenaren alde eta murrizketen aurka.

Zarauzko ELA sindikatuaren egoitzan egin dute agerraldia langileek eta sindikatuko zerbitzuetako arduradun Idoia Altunak. Hogei langiletik gora ditu Aritzbatalde kiroldegiak BPXportek kontratatuta, eta azaldu zutenez, 2020ko abenduan jarri zuten abian hitzarmenaren negoziaketa. "Hilabete luzeetako negoziaketa gorabeheratsuaren ostean, akordioa ixtear zegoela, enpresak soldatak izoztea proposatu zuen joan den abuztuan", kontatu du Altunak. Gainera, "gorabeheratsua" izan zela zehaztu du, "martxan jartzea asko kostatu zitzaigulako, baita enpresaren partetik proposamen errealistak izatea ere". 

Soldatak izozteaz gain, «enpresak eta udalak hartutako erabakien ondorioz», langileei lanaldiak murriztu zizkieten. "Murrizketek langileen erdiari eragiten diete, eta kasu batzuetan lanaldiak erdira arte edota gehiago murriztu dizkiete", jakitera eman du ELAko ordezkariak. Une honetan, "adabaki batzuk jarri dizkiote egoerari", aldi baterako lanen bidez langileak beraien lanaldi osora gerturatu daitezen. "Nolanahi ere, beraien kontratuak murriztu egin dira, eta, beraz, ez dute bermatuta beraien lanorduak mantenduko dituztenik", aditzera eman du sindikatuko kideak.

Egoera horren aurrean, ELAk argi adierazi dio enpresari kiroldegiko langileek ez dutela halakorik onartuko. Duela lau urte hamabost eguneko grebaren ondoren lortutakoa ekarri dute gogora, eta hori ez dutela galtzen utziko nabarmendu dute. Bien bitartean, udalak ez diola «inolako konponbiderik» jarri seinalatu du Altunak: "Ez dugu bermerik lortu, ez langileek beraien lanaldiak berreskuratzeko, ezta duela lau urte lortutako hitzarmenari jarraipen duin bat emateko ere".

Udalarekin bildu izan direla jakitera eman dute, negoziaketekin hasi aurretik eta ondoren ere bai. "Udalak hasieratik esan digu gaur egun dagoen partida ekonomikoarekin eta plegu berriekin egingarria dela, hitzarmena sinatu dezaketela. Enpresak, ordea, ez du gauza bera pentsatzen".


Langileen egoera

Une honetan, hogei langileko kolektibo horretatik bakarra da lanaldi osoan dagoena, eta gainerakoak lanaldi partzialean ari dira beharrean. "Hori dela eta, jardunaldiak oraindik eta gehiago murriztuz gero, langileen egoera prekarioagoa izango da", dio Altunak. Egoerak, gainera, langileei ez ezik, herriari eta herritarrei eragiten diela nabarmendu du, «haiek direlako instalazioen erabiltzaileak».

Egoerak okerrera egin duela ikusirik eta enpresaren nahiz udalaren aldetik inolako konponbide proposamenik gabe jarraitzen dutela kontuan izanda, langileek grebara joko dute datozen asteetan. Lau egunetan lan-uzteak egiteaz gain, mobilizazioak eta hitzarmen duina aldarrikatzeko ekintzak egingo dituztela iragarri dute.