2020ko martxotik gaur artekoa, lupa herrian jarrita

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 12a, 12:37

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera bertan behera uzteko erabakia hartu ondoren, normaltasunera bidean da gizartea. Bide malkartsua izan da azken hemeretzi hilabeteetakoa, eta atzera begira jarrita, hemen dago irakurgai pandemiak Zarautzen izan dituen eraginen soslaia.

Hilabete luzeak horren zain egon ostean, azkenean heldu da unea: osasun larrialdi egoera bertan behera laga du Eusko Jaurlaritzak, eta aurrerantzean neurri murriztaile gehienek ez dute indarrean jarraituko. Egoera guztiz lehengora itzuli ez den arren, badirudi oraingo honetan birusaren hedapenaren beheranzko joera behin betikoa dela. 

Behin puntu honetara helduta, saihetsezina da atzera begira jartzea; izan ere, beheranzko joera itxaropentsu ugari izan dira azken hilabeteetan, baina joan-etorrian ibili dira olatuak, eta horrek neurri mugatzaileen dantza eta herritarren nahasmen etengabea ekarri ditu. Zarauzkohitza.eus-ek kanal berezi honetan bildu ditu herrian nahiz eskualdean birusak izan duen bilakaera, horren eraginez politikariek hartutako neurriak, herritarren erreakzioak eta beste hainbat kontu.

Osasun larrialdiaren hasiera

2020ko martxoan, konfinamendu gogorra ezarri aurreko azken egunetako titularretan, bertan behera kontzeptua da nagusi. Ikastetxeen eta adineko egoitzen itxiera, supermerkatu bete-beteak, bertan behera geratutako ekintzak... Martxoaren 13an ezarri zuen osasun larrialdi egoera Eusko Jaurlaritzak. Une horretatik aurrera, eskumen bereziak izan ditu salbuespenezko neurri murriztaileak hartu ahal izateko.

Zaila zen oso birusaren hedapenaren jarraipena egitea lehen egun haietan. Izan ere, proba diagnostiko gutxi egiten ziren, eta gaiarekiko ezjakintasuna handia zen oraindik ere. Martxoaren 19an eman zuen Osakidetzak lehenengoz herriz herriko kutsatzeen berri, eta sei kasu zeuden ordurako Zarautzen. Handik astebete baino gutxiagora, gutxienez 30 ziren herrian kutsatutakoak, eta gaitza Santa Ana egoitzara iritsi zen. Bertan gertatu zen Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan koronabirusak eragindako lehen heriotza eta, tamalez, ez zen azkena izan. Egun zinez latzak igaro zituzten lehen olatu hartan Santa Anako egoiliarrek, langileek nahiz senideek, COVID-19ak gogor kolpatu baitzuen egoitza.

Aste Santu ezberdina

Apirilean sartu bezain pronto, hilaren amaierara arte luzatu zuen alarma egoera Espainiako Gobernuak. Hori horrela, uste baino gehiago luzatu zen konfinamendua, egunez egun koronabirus kasu gehiago ari ziren atzematen herrian, eta jendearen joan-etorriek mugatuta jarraitzen zuten. Hil horretan heldu zen Aste Santua, eta harekin batera, kolpe latza jaso zuen bailarako ekonomia sektore nagusienetarikoak: turismoak

Egunek aurrera egin ahala, albiste surrealista samarrak sortzen joan ziren. Esaterako, geolokalizazioen kontrolaz informatzen duen hau, edota haurrek etxetik ateratzeko zituzten baldintzak zehazten dituen beste hau.

Konfinamendutik ateratzen

Apirilaren bukaeran eta maiatz hasieran, herritarrak beren etxeetatik ateratzeko aukerak edukitzen hasi ziren, baina kaleko jarduera oro oso modu mugatuan egin zezaketen. Hor hasi zen udal bakoitza bere udalerrira egokitutako neurriak hartzen. Zarautzen, esaterako, hondartzan kirola egin zitekeen, baina itsasoan bainatzea debekatuta zegoen. Hori bai, surfean edo kayakean aritzea posible zen.

Une hartan, fasekako deseskalatzean zeukaten jarrita itxaropena herritarrek. Koronabirus kasuak nabarmen jaitsi ziren eta adinekoen egoitzetako egoera nabarmen hobetu zen konfinamendu zurrunaren eraginez, eta apurka-apurka, dendak eta tabernak ateak zabaltzen hasi ziren. Deseskalatze horretan aurrera egin ahala etorri zen maskararen derrigorrezko erabilera

Ekainaren hasieran, udarako guztia konponduko zela zirudien. Egun asko igaro ziren jarraian koronabirus kasu berririk atzeman gabe. Adituek etorkizuna ziurgabea zela etengabe ohartarazten bazuten ere, Hego Euskal Herria alarma egoeratik ateratzeko azken fasean sartu zen ekainean.

Dena den, argi gorriak pizten hasi ziren herriz herri kasu berriak atzematen hasi zirelako. Bolada hartan, atzematen zen kasu bakoitza zen albiste, eta esanguratsuak izan ziren Talai Mendiko bi bezero ohiek positibo eman izana eta hainbat tabernaren kasuak. 03:00etarako ixtea agindu zuen udalak, baina handik egun gutxira, 23:30ean jarri zuen muga hori Eusko Jaurlaritzak. Une hartatik aurrera izan zen maskara derrigorrezkoa aire librean ere, eta apurka-apurka, mugak gero eta gehiago zorrozten joan ziren. 

Itxiera perimetrala eta etxeratze agindua

Ekitaldiak berriro ere bertan behera uzten hasi ziren, eta irailean, uda amaitu zenean, egoera larria zen berriro ere. Adituek "gehiegi lasaitzearen" ondorioez hitz egiten zuten bolada hartan.

Egoerak hobera egiten ez zuela ikusita, oso neurri zorrotzak ezarri zituzten urri amaieran. Orduan heldu ziren etxeratze agindua eta konfinamendu perimetrala. Horrek eragin zuzena izan zuen herriko ekitaldietan, guztia berrantolatu behar izan baitzuten. Ostalaritzarentzat ere beste kolpe gogor bat izan zen, itxiera perimetralak asko mugatu baitzuen beren jarduna.

Kasu berrien itxurazko egonkortzearekin eta igoerari izugarrizko beldurrarekin heldu ziren 2020ko Gabonak. Urtea oso modu baldintzatuan agurtu behar izan zuten herritarrek: etxean gehienez ere sei lagun bilduta, eta 00:30erako etxeratze aginduarekin.

Txertoa eta itxaropena

2021eko urtarrilaren 15ean iritsi zen txertoa Zarautzera; Santa Anako egoiliar eta langileak izan ziren jasotzen lehenak. Bien bitartean, itxiera perimetralak indarrean jarraitzen zuen. Otsailaren erdialdean udalerri mugakideetara igarotzeko baimena eman zuen Labiak, eta martxoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa barruan soilik egin zitezkeen joan-etorriak. Debeku horietan aldaket ugari izan zen aste gutxian eta, bien bitartean, asaldatuta zebilen jende ugari txertaketaren kudeaketak (batez ere Astra Zeneca txertoarenak) sortzen zituen errezeloak tarteko.

Maiatzean, ordea, bertan behera utzi zuen alarma egoera Espainiako Gobernuak, eta horrekin batera eten ziren etxeratze agindua eta itxiera perimetrala zein lurralde artekoa. 2020an ez bezala, 2021ean ekitaldi eta ordutegien muga zorrotzekin hasi zen uda, baina, zorionez, txertaketak aurrera egin ahala, ostalaritzako ordutegien mugak ere lasaitzen joan dira, kasuen hedapena asko baretu delako. 

Osasun larrialdirik ez, txostenik ez

Gaur gaurkoz, badirudi normaltasunera itzultzeko garaia dela. Hemeretzi hilabete luzeren ondoren, amaitutzat eman dute pandemia. Horren ondorioz, Labi desegin eta azken hilabeteetan indarrean egon diren arauak malgutzeko erabakia hartu zuen joan den asteartean Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, egunero plazaratu ohi zuen txostenik ere ez du argitaratuko, beraz, Zarauzkohitza.eus-ek ere ez du jarraituko Zarauzko kasu positibo berrien egunez eguneko bilakaera.

Pandemia hasi zenetik, gaixotasunaren eragina ez da berdina izan herritar guztien artean; izan ere, sintomak izan dituzten herritarrak, gaixoak, nahiz sintomarik gabeak utzi ditu COVID-19aren zenbaketak. 77.000 biztanle inguru bizi dira egun Urola Kosta eskualdeko 11 herrietan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, ia 10.000 kasu positibo baino gehiago hauteman ditu Osasun Sailak eskualdean azken hemeretzi hilabeteetan; hau da, Urola Kostako biztanleen %13k baino gehiagok eman du positibo gaixotasuna atzemateko probaren batean. Hamar pertsonatik batek gaitz hori hartu du eskualdeko ia herri guztietan; Beizama da salbuespena. Herri horrek du lurraldeko indizerik baxuenetakoa, eta lau herritarrek baino ez dute COVID-19a izan; hau da, biztanleriaren %3ak.

Txanponaren beste aldean dago Aizarnazabal; han, herritarren %18k igaro du gaitza, eta aipatzekoa da joan zen urtarrilean herri horretan egin zuten baheketan, proba egin zutenen %10ak baino gehiagok eman zuela positibo. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean, berriz, Zarautzek eta Azpeitiak gainditu dute 2.000 positiboko langa. Azkoitian, 1.700 kasu baino gehiago zenbatu dituzte; Zumaian, ia 1.400 kasu; eta Orion, ia 750 kasu.

Hildakoen zenbakia da erreparatu beharreko beste datua. Aldundiaren arabera, eskualdean 92 hildako utzi ditu COVID-19ak eragindako pandemiak, guztira; positibo eman dutenen %1 hil da, beraz. Hildakoen ia erdiak Zarautzen zendu dira. Azpeitian eta Zumaian, berriz, hamabi lagun hil dira, eta hamar Azkoitian.