Elena Palomo Lertxundi: "Pandemiak sortutako krisi egoera agerian uzten ari da osasun mentalak duen garrantzia"

Elena Palomo Lertxundi. (Utzitakoa)

Gertutik bizi du pandemiak sortutako krisi-egoera osasun mentalean izaten ari den eragina psikiatrak. Esparru publikoan osasun mentalean ematen den arreta handitzeko premia azpimarratu du. 

Azken urte eta erdian inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du osasunak, orokorrean; bai fisikoak, pandemiaren izaeragatik, baina baita osasun mentalak ere. Gaur da, hain zuzen, Osasun Mentalaren Munduko eguna, eta hori baliatuta, osasun mentala hartzen ari den pisuaz eta aurrera begira dituen erronkez mintzatu da Elena Palomo Lertxundi (Zarautz, 1970) psikiatra.

Inoiz baino lanpetuago ibili zarete azken hilabeteetan buruko osasuneko langileak. Nola
eragin digu pandemiak herritarroi, mentalki?

Esparru publikoan, osasun mentaleko sailean, lanez gainezka ibili ginen konfinamendu garaian. Agendak goraino genituen eta oraindik ere horrela gabiltza askotan. Kontsulta pribatuak ere beteta daude, guztiok gabiltza lan askorekin osasun mentalean, pandemiaren ondorioz.

2020ko martxoan eta apirilean, Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi zuen pandemiak eta bere ondorioek eragina izango zutela jende askoren osasun mentalean, eta buruko arazoak areagotuko zirela.  Gomendatu zuen protokoloak prestatzea jendeari psikologikoki arreta emateko, eta hala egin zen. Aurreikuspenak bete egin ziren.  Pandemiak ondorio asko eduki ditu, ez soilik gaixotasun fisikoei eta heriotzari dagozkionak, baita gizarte eta ekonomia esparruetan ere. Horrek guztiak ondorioak dakartza pertsonen buruko osasunean. 

OMEren arabera, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, munduko herrialdeen %93tan gainezka egin dute osasun mentaleko zerbitzuek, eta osasun mentaleko arreta eskaerak gora egiten jarraitzen du. OMEk, ikerketa berri batean, osasun mentaleko arretaren finantzaketa handitzeko premia nabarmendu du. Ikerketa horretan, 130 herrialde hartu dituzte aintzat, eta COVID-19ak osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidean dituen ondorio suntsitzaileak aztertu dira.


Zer sintoma izan ditu jendeak pandemiaren ondorioz?

Jendeak, oro har, beldur handiz bizi izan du hau guztia. Hedabideek egunero ematen zituzten albisteen ondorioz, batez ere konfinamenduan eta osasun alarma egoeran geundenean, asko elikatu zuten pertsona sentikorrenek zeukaten beldur eta antsietatea. 

Pandemian asko igo dira antsietate eta depresio kasuak. Ikusi dugu, baita ere, aurretiazko patologiaren bat zeukatenetako askok, okerrera egin dutela. Agorafobia kasuak esat baterako, asko okertu ziren konfinamenduaren ondorioz, baita antsietate trastornoak, eta trastorno obsesiboak ere. 

Dolua, isolamendua eta birusarekiko beldurra dira osasun mentaleko trastornoak sortzen edo larriagotzen ari diren faktoreetako batzuk. Hurbilekoak galdu dituzten pertsonek, askotan, gainera, agur esateko aukerarik gabe, kalte emozional handiak jasan dituzte. Bestalde, diru-sarreren galerak eta horrek eragiten duen ziurgabetasunak ere eragina du gure ongizate emozionalean. Pandemiak ekonomian izan du eragina, eta pertsona asko lanik gabe geratu dira, horrek dakartzan ondorio emozionalekin.

Bereziki eragin al die nerabeei?

Lehenengo hilabeteetako konfinamenduak eta bilera sozialak mugatzen dituzten murrizketek
gazteenei eragin diete bereziki, kolektibo hori ohituago baitago sozializatzen eta kalera
ateratzen, eta horretarako behar handiagoa baitu.

Honi buruz asko hitz egin dugu osasun mentaleko profesionalen artean. Askoz ere patologia gehiago detektatzen ari gara nerabeengan (antsietatea, depresioa, elikadura-nahasteak eta abar). Adin tarte hori oso garai garrantzitsua da bizitzan, eta funtsezkoa garapenean. Nerabeak beren nortasuna definitzen ari dira munduaren aurrean, eta gizarte bizitza eta beren adinekoekin harremanak izatea bereziki garrantzitsua da horretarako.

Gainera, nerabeek eta helduek denbora desberdin hautematen dute. Niretzat bi urte direna, haientzat betierekotasuna da.  Bestalde, buruko gaixotasun larriak dituzten guraso edo senideekin bizi diren haur eta nerabeak, zenbait kasutan, askoz babesgabeago egon dira konfinamendu garaian (eskolara joan gabe, askotan denbora gutxiago igarotzen gizarte zerbitzuekin harremanetan…), eta batzuek bizikidetza zailak jasan behar izan dituzte.


Zertan eragin die zehazki? 

Ariketa fisiko gutxiago egitea, pantailen aurrean denbora gehiago igarotzea, ikaskuntza online izatea irakasleekin eta ikaskideekin aurrez aurreko harremanik izan gabe… Horrek guztiak eragin negatiboa eduki du, bai emozionalki, bai akademikoki. 

Haur txikiak, berriz, orain bi edo hiru urte dituztenak, helduen mundua maskarekin ari dira ezagutzen. Ikusiko dugu horrek zer eragin duen, baina niri izugarria iruditzen zait. 


Zer gerta daitekeela uste duzu? 

Espero dut egoera asko ez luzatzea, eta errekuperazioa laster hastea. Baina haur horiek orain ari dira ikasten giza harremanak nola eduki, eta ez daukate kontaktu bisualik irribarre batekin askotan, kontaktu fisikoa ere gutxiago dute askotan. Izugarria da. Esperantza daukat hau laster bukatuko dela, gauza batzuei ez diedalako zentzurik ikusten, gainera; adibidez, menditik edo hondartzatik maskara jantzita ibiltzeari nahitaezkoa ez denean… Horrek niretzat esan nahi du pertsona asko oso beldurtuta daudela, gehiegi, eta horrek etorkizunean, esaterako, jarrera fobikoak hartzea ekar dezake, edo antsietate motako beste arazo batzuk… Ikusiko dugu.

Behar besteko garrantzia ematen al dio gizarteak buruko osasunari? Aldatzen ari al da?

Aldatzen ari da, bai, eskerrak. Baina momentu honetan, Europan, desgaitasunaren bigarren kausa dira buruko gaixotasunak, eta Adecco fundazioko zuzendari nagusiak dioenez, osasun mentaleko arazoak izango dira desgaitasunaren kausa nagusia 2030ean. Baita ere dio ordurako biztanleriaren %25 inguruk osasun mentaleko arazoren bat izango duela bizitzan zehar, gutxienez.

Hori kontuan hartuta, garrantzi gutxiegi ematen zaio oraindik. Osasuna, orokorrean, oso garrantzitsua da pertsonen ongizaterako, eta ez soilik osasun fisikoa, baita burukoa ere. Ez nuke jakingo esaten bietako zein den garrantzitsuagoa ongizate pertsonalaren sentimendurako; gainera oso lotuta daude, eta ez dira bereizi behar nire ustez. 

Bestalde, askoz gehiago indartu beharko lirateke buruko osasunari lotutako zerbitzuak, ondo artatu ahal izateko jendea. Batez ere, arreta psikologikoa falta da osasun publikoan. Horrenbesteko itxaron zerrendak ditugunez, paziente bakoitzarekin, saio bakoitzean, nahiko genukeena baino denbora gutxiago ematen dugu, eta bisiten maiztasuna ere txikia da, arreta eskaria handia delako. Baldintza horietan ez da erraza arreta psikologiko egokia eskaintzea, baina ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara denok.

Ni esparru publikoan eta pribatuan aritzen naiz, baina nire ustez zerbitzu publikoetan arreta handitu egin beharko litzateke. Profesional gehiago behar dira osasun mentaleko zentroetan, biztanleari bereziki garai zail hauetan behar duen arreta psikologikoa eman ahal izateko.

Aldatzen ari da estigmaren kontua ere, ezta?

Buruko gaixotasunaren estigmak nahiko berdin jarraitzen du... agian, pixka bat murriztu da azkenaldian, komunikabideetan dagoen ikusgarritasun handiagoari esker. Hala ere, laguntza psikologikoa edo psikiatrikoa eskatzeko osasun mentaleko zentro batera joatea normalizatzen ari da, eta estigma jaisten ari da pixkanaka zentzu horretan. Oraindik dagoen estigmagatik, ordea, laguntza eta babesa behar duen baina eskatzen ez duen jende asko dago.

Hedabideetan ere ikusgarritasun handiagoa ematen ari zaio gaiari, eta hori oso ona da, gaia desestigmatizatzen laguntzen duelako. Horrela, jendea ausartuko da laguntza eskatzera behar duenean, eta horrek jende askoren bizi kalitatea hobetuko du. Ona litzateke horrek eragingo balu osasun zerbitzu publikoetan arreta psikologiko handiagoa jartzea.

Beste herrialde batzuetan ez dago halako estigmarik, eta normala da jendeak bere terapeuta  edukitzea. Hemen oraindik badago estigma hori, nahiz eta berez ia mundu guztiak beharko duen, edo ondo etorriko zitzaion, bizitzako uneren batean edo beste, laguntza psikologikoa.

Jendeak, orokorrean, garbi eduki ohi du min fisikoaren ondorioz noiz joan medikura. Buruko osasunari dagokionean, ordea, zeintzuk dira laguntza profesionala behar dela adierazten duten sintomak?

Egoera batzuk agerikoak dira. Adibidez, argi dago pertsona batek antsietate krisiak dituenean, laguntza behar duela.

Beste egoera askotan ere komenigarria izango zen laguntza eskatzea, ordea: pertsona bati egun berriari aurre egitea asko kostatzen ari zaionean, esnatzean angustia agertzen denean egunero, antsietatea sentitzen badu egunean zehar, egunean zehar sarritan negargurea izaten badu, heriotzari lotutako pentsamenduak izaten baditu, lorik ezin badu ondo edo nahiko egin, bere bizitzari zentzurik ikusten ez badio... egoera horietatik guztietatik atera daiteke laguntza profesionalarekin.

Estres gehiegi badugu gure bizitzan, edo osasun fisiko edo emozionalean eragiten hasten zaigunean, komenigarria da laguntza bilatzea. Gehiegizko estresa edo gaizki eramandakoa oso txarra da osasunerako. Erritmo frenetikoarekin bizi gara askotan gizarte honetan, eta jende asko estres handiarekin bizi da. Horrek ondorio fisikoak zein mentalak izan ditzake. Jende askok sentimendu eta egoera hauek beretzat gordetzen ditu eta ez du laguntzarik eskatzen, eta beren bizi kalitatea asko-asko hobetuko litzateke laguntza pixka batekin.