Bere herrialdeko "mutiko guztien ametsa" bete zuen Issa Dioufek (Dakar, Senegal, 1966) gaztetxotan: futbol jokalari profesionala izatea. 1980ko hamarkadan, behatzaile batek ikusi zuen Senegalgo selekzioarekin Afrikako Kopa jokatzen ari zenean Marokon, eta Kanarietara joatea eskaini zioten, Palmara. Han bi urte egin, eta Huelvako Recreativo taldera pasa zen. "Mutiko guztiok nahi genuen futbolari izan, gure familiei laguntzeko batetik, baina baita geuregatik ere", gogoratu du. Espainiako Bigarren Mailan jokatu zuen lau denboralditan, Huelvako taldean beti; 89-90 denboraldian ere klub hartan zen, taldeak mendeurrena ospatu zuenean. "Ikaragarria izan zen hura", gogoratu du. Orduko oroitzapen politak ditu Dioufek. Dena den, hantxe amaitu zen bere futbol ibilbidea, eta hamabost urtez Sevillan (Andaluzia, Espainia) bizi ondoren, duela sei urte "maitasunak" Zarautzera ekarri zuen bizitzera.
Hemen, pixkanaka, berriro heldu dio kirolari, beste alderdi batetik bada ere. "Futbola beti izan da nire pasioa, eta Zarautz Kirol Elkartekoei oso eskertuta nago, aukera eman didatelako nire pasio horri eusteko", azaldu du. Jubenil mailan eman zuen pausoa orain hamarkada batzuk, eta jubenilei lotuta jarraitzen du orain, Zarauzko futbol klubeko jubenil mutilen bigarren taldearen entrenatzaile lanetan, hain zuzen. "Aurreneko entrenatzaileak, Carlosek, asko erakutsi dit, eta asko zor diot hari", aitortu du. Kontuak kontu, berak ere badu entrenatzaile titulua, iaz lortutakoa, eta ezagutza teknikoei bere kirolari esperientzia gehituta, "ahalik ondoen" aritzen da gaztetxoekin lanean. "Ez da adin erraza, baina mutil onak dira, eta ezin naiz kexatu, dena ematen dutelako", adierazi du. Denboraldia hasi berri da, eta partida bat irabazi eta beste bat berdindu dutela jakinarazi du.
Kluba "familia handi ba" dela sentitzen du; "elkarrekin sekulako lana egiten ari gara, denok norabide berean, eta horregatik oso pozik nago hemen". Dioufek ez daki euskaraz, baina badu lantegi horretan hasteko asmoa ere. "Udalak ematen dituen eskoletan hasiko naiz laster. Zerbait badakit, baina lotsa ematen dit erabiltzeak". Ez du uste zaila egingo zaionik ikastea. "Senegaldarrak ohituta gaude hizkuntzak ikastera. Wolofaz gain frantsesa, gaztelania, ingelesa eta arabiera dakizkit", azaldu du.
Herrian ezaguna
Urtero itzultzen da Sevilla aldera –bi seme-alaba ditu han– eta baita Senegal aldera ere, baina gustura bizi da Zarautzen, eta dagoeneko zarauztar bat gehiago da. Hala dirudi, behintzat, ostegun eguerdi batean kalean berarekin buelta bat emandakoan. Taberna kanpoan bizpahirurekin hitz egin du, barruan beste horrenbestek agurtu dute bere izenez, eta atzera berriz kalean, semaforo aurrean gelditu du ezagun batek.
Askok ez dakite, ordea, futbol jokalari profesionala izandakoa dela. Ezta entrenatzen dituen gaztetxoek ere. "Ez dut sarri aipatzen, eta askotan harritu egiten dira, ez zekitelako ezer", esan du. Ezagutu, berriz, "herriko ume guztiek" ezagutzen dutela gaineratu du irribartsu; "zan ere, ez da ohikoa Astin beltz bat ikustea".