Auzolanean eraikitako bizitzak

50 urte bete ditu Itxasmendi auzoak. Hamarkada hauetan egundoko eraldaketa izan du, bereziki bizilagunen borondatezko lan eskergari esker.

Auzo erosoa eta duina da gurea. Herritik kanpo gaude, baina, aldi berean, barruan. Gainera, denetarik dugu». Aurten 50 urte bete dira Itxasmendin lehendabiziko etxebizitzak eraiki zituztenetik. Harrezkero, auzoak egundoko garapena izan du gaur egun duen itxura hartu arte. "Lehen bizilagunek gauza pila bat egin zituzten, apenas zegoelako ezer auzoan. Gure belaunaldiko bizilagunok dena edo ia dena eraikita ezagutu dugu.  Auzoko obrak, asfaltatze lanak, lorategiko zereginak eta halakoak auzolanean egin ziren orduan, eta uzotarren poltsikoetatik ondaindu ziren", nabarmendu du Rosa Rodriguezek, Itxasmendi auzo elkarteko kideak. "Egun, gehiago arduratzen gara auzoan jarduerak antolatzeaz".

Pandemiak baldintzatutako egoeraren ondorioz, ezin izan dute ospakizun handirik antolatu 50. urtemuga ospatzeko. Duela bi aste ekitaldi xumea egin zuten, auzoko festen barruan. "Hasieran komunikabideetara idatzi bat bidaltzea pentsatu genuen, geure ibilia azaltzeko, baina urtemuga biribil honetarako motz geratzen zela konturatu ginen", azaldu du Enrique Acuña  auzo elkarteko kideak: "Hala, oroimenezko plaka bat egitea otu zitzaigun". 

Plaka horretan orain arteko auzo elkarteko batzordekide guztien izen-abizenak jaso dituzte. "Modu horretan, jende hori guztia omenduko dugu; tartean,  bidean geratu direnak ere bai", nabarmendu du Acuñak. Ekitaldi hunkigarria izan zen, eta bertan Xabier Txurruka alkateak, Udal Gobernuko kide Gloria Vazquez sozialistak eta EH Bilduko kide Mikel Goenagak ere hartu zuten parte.


Garapena, hiru fasetan

Auzoak hiru fase nabarmen izan dituela zehaztu dute auzokideek. Lehen giltzarria, zalantzarik gabe, eraiki zituzten hiru etxebizitza eraikinak izan ziren.  Herrigunetik eta gainerako beste auzoetatik erabat isolatuta geratu ziren etxebizitzak izan ziren, "irla bat" balira bezala, berdegunez inguratuta. "Inguru hartan ez zegoen biderik, ez zegoen gutxieneko azpiegiturarik, ezta estolderiarik ere", gogora ekarri du Acuñak.

Hasiera hartan, bizitzen jarri ziren ehun bizilagun haiek denetarik egin behar izan zuten beharrak hala eskatuta: garbiketak, suhiltzaile lanak, landaketa lanak... Sofia Juzgado elkarteko presidente ohiaren esanetan, "bizilagun guztion artean sekulako adiskidetasuna sortu zen, eta horrek bultzatu gintuen aurrera". Harmonia ona, borondatea eta elkartasuna arnasten zen Itxasmendin sasoi haietan, bizilagunek zuten gaztetasunaren ilusioarekin.

Itxasmendi, lehen eraikinak altxatu zituztenean. (Zarauzko Udala)


Bigarren fasean, auzo elkartea sortu zuten. Gaur egun Itxasmediko elkarte gastronomikoa den lokalean elkartzen ziren, eta bertan egiten zituzten bilkurak, ondoren proposamenak udalari aurkezteko edo beharrezkoak zituzten gauzak aldarrikatzeko. Antonio Sanchez izan zen lehengo presidentea, eta elkarteko estatutuak 1978an finkatu zituzten. Gaur egun, Alfan du lokala elkarteak.

Hirugarren fasea auzoaren urbanizatze lanekin etorri zen, 90eko hamarkadan. Hasiera batean, Itxasmendiko bizilagunei esan zieten erreka estaliko zutela, baina Ura agentziak ez zuen hori egiten utzi, eta horren truke auzoa urbazinatu zieten. "Hori sekulako garapena izan zen guretzako", adierazi dute auzokideek. "Auzoa ederra geratu da, eta pixkanaka etxebizitza gehiago eraikitzen joan dira gaur egun arte. Egun bi mila biztanle gara Itxasmendin, Alfa ingurua kontuan hartuta". 


Auzo "saiatua"

Argi adierazi dute gogor borrokatu dutela beti auzorako gauzak lortzeko; esaterako, kirol instalazioak edukitzeko: atletismoko, eskubaloiko eta saskibaloiko pistak, eta teniseko bi kantxak lortzeko. Bestalde, Acuñak berak eskuz diseinatutako biribilgunea harro erakutsi du, hainbat urtez eskatu zutena, eta egun auzoaren sarreran dagoena. Atletismoko pista azpian garaje batzuk egiteko firma bilketa ere egin zuten, eta horien txostena ere gordeta du, nahiz eta azken unean ezezkoa eman zien udalak. Eroski supermerkatuak auzoari bizitza eman ziola ere azaldu du, baita Iritako hezegunearen proiektua eta autokarabanentzako aparkalekua jartzeko bizilagunek erakutsitako desadostasuna ere. "Momentuz Abendañon dago, eta ez dakigu hor jarraituko duen edo auzora ekarriko duten", dio Rodriguezek.

"Beste auzoak ez dakit nolakoak izango diren, baina gu behintzat saiatuak izan gara beti. Gure beharrizanen alde borroka egin dugu, eta, alde horretatik, oso sendoak gara. Agian, aparte egon garelako izango da".