Gaztediaren bultzadak

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 15a, 09:30
Gesalaga-Okelan ZKE errugbi taldea Astin, Ordiziaren aurkako partidan. (Onintza Lete Arrieta)

Igandean abiatuko du Gesalaga-Okelan ZKE errugbi taldeak denboraldi berria. "Eraikitze prozesuan" dago une honetan taldea, jokalari gaztez osatuta.

Gesalaga-Okelan ZKE errugbi taldeak igande honetan ekingo dio 2021-2022 denboraldiari, Avilesen (Asturias, Espainia), Belenos taldearen aurka. Norgehiagoka zorrotza izango dela aurreikusten du Xabi Castañok, Facundo Oriberekin batera taldeko entrenatzaile binomioa osatzen duenak.

Zarautz Rugby Taldeko lehen taldeak bederatzigarren denboraldia du Ohorezko B Mailan, eta jada klasiko bat da ligan. Hala ere, sailkapenaren goiko postuengatik borrokan aritzea gero eta zailagoa dela esan du Castañok: "Gure liga gero eta profesionalagoa da. Zarautz bezalako hiri txiki batek baliabide nahiz aurrekontu oso mugatuak ditu, eta, egia esan, horrela konplikatua da". Sailkapenaren goikaldean egoteko fitxaketak egin, taldeko medikua eduki eta bestelako egitura batzuk beharko liratekeela uste du entrenatzaileak, Getxok edo Santanderrek bezala. 

Hori kontuan izanda, "mailaz igotzea ez da batere erraza izango, baina gure helburua sailkapenean ahalik eta gorenen egotea da. Urte onak izan ditugu, non igoera fasea jokatzeko aukera izan dugun eta beste batzuetan gehiago borrokatu dugun".


«Formazio fasean»

Une honetan, "eraikitze prozesuan" dagoen taldea da Zarauzkoa, jokalari oso gaztez osatua. Iaz hainbat partidatan batez beste 22 urteko taldea zelairatu bazuten, aurten adin tartea jaitsi egingo dute; izan ere, 18 urtez azpiko zenbait jokalariri eman diete aukera lehen taldearekin jokatzen hasteko, "nahikoa kalitate" dutelako. Castañoren esanetan, "oraindik orain formazio fasean gaude, eta argi dago etxeko jendearekin jokatzen saiatzen garela, ez fitxaketekin, gure mailako talde asko bezala. Dudarik gabe, azken bederatzi denboralditako talderik gazteena dugu; iaz gazteena bazen, aurten gazteagoa".

Gero eta prestatuago datoz gazteak, baina ligara egokitu behar dute. Hori argi eta garbi du entrenatzaileak: "Jubenil mailan lehiatu dira, eta hemen jada helduekin ariko dira aurrez aurre. Azkenean, segituan moldatzen dira, baina hiruzpalau partidatako prozesua da. Edonola ere, entrenamenduetan txukun aritu dira, eta Ordiziako 23 urtez azpiko taldearen aurkako lagunartekoa saio interesgarria izan zen. Orain, talde serioagoen aurkako partidetan ikusi beharko dugu nola aritzen diren".

Jokalari batzuk salbu, fisiko handirik ez duen taldea da. Aitzitik, mugimendu handiko errugbia saiatzen dira zelaian, Castañoren hitzetan: joko dinamikoa, bizia eta lasterketa askorekin, baloia batetik bestera etengabe aldatzen, hain zuzen ere. "Horrela ulertzen dugu guk kirol hau".