Alkoholaren kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko zerbitzua eskainiko dute gaur gauean

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 16a, 12:30

Egitasmoaren helburua gehiegizko kontsumoa eta horrek sortzen dituen jokabide arriskutsuak murriztea dira. Sasoia elkarteko profesionalak ibiliko dira kalean, 21:30etik 00:30era.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Zarauzko Udalaren ekimenez, alkoholaren kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua eskainiko dute gaur gauean herrian. Sasoia elkarteko kideak herritarren artean ibiliko dira, 21:30etik 00:30era, eta argibideak emango dituzte.

Egitasmo honen bidez, edari alkoholdunen gehiegizko kontsumoa murriztu nahi dute, baita horren ondorioz eratorritako jokabide arriskutsuak murriztea ere. Helburu horiek betetzeko, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak pertsonengan dituzten arriskuei eta kalteei buruzko informazioa emango dute elkarteko profesionalek.

Horrez gain, lege-esparruko zehaztapenak –gidatzean baimendutako gehieneko alkohol-tasak, eta horien araberako puntuen galera eta administrazio-zigorrak– azaldu dituzte, alkoholak emakumeen eta gizonen artean eragiten duen ondorio desberdinak azpimarratuko dituzte eta prebentzio-aholkuak emango dituzte, nerabeei eta gazteei bereziki.