Gasteizko hilketa matxista salatu dute dozenaka herritarrek

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 16a, 10:15

Zarauzko Bilgune Feministak deituta, Lege Zaharren enparantzan egin zuten elkarretaratzea atzo arratsaldean azken hilketa matxista salatzeko, Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista! zioen pankartaren atzean batu ziren herritarrak.

Astearte goizaldean hilketa matxista bat izan zen Gasteizen, Sansomendi auzoan. Itxura guztien arabera, gizonezko batek bikote ohia labanaz hil, eta bere buruaz beste egin zuen, 13 eta 17 urteko semeen aurrean. Gertaera salatzeko protesta egin zuten Zarautzen, egunotan Euskal Herriko hainbat herritan egin duten bezala.

Bilgune Feministak gogora ekarri zuen indarkeria maxistak dagoeneko bost emakume erail dituela, eta egun dauden neurriak ez direla nahikoak. Gaia lehenetsi beharra dagoela, eta norbanako, elkarte eta erakunde bezala aurre egin behar zaiola. Era berean, Azaroaren 25an-Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunaren harira antolatuko diren ekintzetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.