Luis Castellsek eskertuta jaso du Mario Onaindia Saria

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 16a, 14:30

Mario Onaindia Fundazioak Luis Castells EHUko Historia Garaikideko katedradunari eman dio aurten Mario Onaindia Saria. Eguerdian egin dute ekitaldia Modelo aretoan, eta fundazioko presidente Isozi Leturiondoren eskutik jaso du Agustin Ibarrolak eginiko oroigarria.

Aurretik, ordea, historialariaren ibilbide profesionalean gertutik ezagutu duten hainbat kide igo dira oholtzara eta hitza hartu dute. Antonio Rivera, Fernando Molina, Ignacio Latierro, Ana Azpiri eta Lourdes Perez izan dira gonbidatuak. Juan Pablo Fusi bertan izatekoa zen, baina osasun kontuan medio azkenean ez bertaratu; hala ere, bere idatzia irakurri dute. Besteak beste, Castellsen izatea nahiz jarduna, Mario Onanindiarekin zuen harremana eta ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urtemuga izan dituzte hizpide.

Omendu oso eskertuta agertu da aitortzarekin, eta atsegin handiz jaso ditu bere kideek zuzendu dizkieten hitzak. Bere hitzartzearen aurretik, Felipe Juaristek olerkiak errezitatu ditu, Juan Ramon Unamunok gitarraz laguntzen ziola.

Duela hilabete inguru Mario Onaindia Fundazioak beste ekitaldi bat antolatu zuen Modelon bertan. Orduan, Mikel Unzalu zenari egin zioten omenaldia: uztailaren erdian zendu zen politikari sozialistaren ibilbideaz gain, haren pertsona ekarri dute gogora.