Deialdia egin dute plaierotan jokatu nahi eta talderik ez dutenentzat

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 17a, 14:00

Hondartzako Futbol Txapelketaren denboraldi berriari azaroaren 7an, igandearekin, emango diote hasiera.

Berriz jarriko dute martxan Hondartzako Futbol Txapelketa. Pandemia zela eta, iaz bertan behera geratu zen 2019-2020 denboraldia. Udazken honetan berriro helduko diote lehiaketari: azaroaren 7an, igandean, jokatuko dute 77. edizioko lehen jardunaldia.

Taldeak osatzen eta izena ematen hasi dira dagoeneko. Hala ere, antolakuntzak deialdi berezia egin du plaieroetan jokatu nahi duten, baina oraindik talderik ez duten herritarrei. Interesa duten neska zein mutilek jokalaripoltsa@poltsa@playeruak.eus helbidera idatzi behar dute, beraien izen-abizeanak eta telefono zenbakia azalduz. Ezinbestekoa izango da 16 urte baino gehiago izatea.

Gainerakoan, urriaren 24an bukatuko da taldeak inskribitzeko epea; izena emateko mezu bat bidali behar da antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora. Bestalde, Urriaren 30ean egingo dute 2021-2022 denboraldian parte hartuko duten talde guztietako ordezkariekin bilera, 11:00etan.